Igande gauez Poloniako telebista kateek zabaldu zuten berria: koma egoeran egon ostean, Andrezj Wajda zinemagilea hil egin zen. Itzal handiko sortzailea izan da Wajda, Poloniako historian interesatua eta aditua. Bere filmetako hiru Oscar sarietarako izendatu zituzten ingelesez besteko alorrean. Ziemia obiecana (Lur prometitua, 1975), Czlowiek z zelaza (l'Homme de fer frantsesezko izenburuarkin ere zabaldu zen - Burdinezko gizona, 1981) eta Katyn (2007). Orotara 40 lanetik gora egin zituen, eta aurtengoa du Powidoki (Afterimage ingelesez), Wladyslaw Strzeminski pintore eta teoriko konstruktibistaren inguruko lana. Torontoko zinema jaialdian aurkeztu zuen berriki, baina oraindik ez da zinema areto komertzialetara iritsi.
Suwalki herrian jaio zen, 1926ko martxoaren 6an, eta Poloniako zinema eskola deituaren aitapontetako bat izan zen 1950eko hamarkadan. Pokolenie (1954, Belaunaldia), Kanal (1957) eta Popiol i diament (1958, Errautsak eta diamanteak) lanek trilogia bat osatzen dute Poloniak alemanen okupazio garaian bizi izan zituen aldaketei inguruan, eta trilogia horrek badu Buñuelen eragina adituen iritzian; arrakasta handia izan zuen nazioartean.
1959az geroztik, antzerki-zuzendaria ere izan da. Haren filmografia, oro har, Poloniako historiari eta bilakaera politikoari atxikia da, eta eragin handia izan du Poloniako kultura giroan.
1982. eta 1983. urteetan, Europako mendebaldera autoexiliatu zen, eta, batez ere, antzerki obratan lan egin zuen. Shakespeareren Hamlet obraren lau egokitzapen egin zituen. 1989an, zinema alboratu, eta politikagintzan sartu zen buru-belarri. Komunismoaren osteko lehen hauteskundeetan senatari hautatu zuten bere jaioterriko eremuan. 1981eko Czlowiek z zelaza- l'Homme de fer filman Lech Walesa Solidarno‡ (Elkartasuna) sindikatuko buruzagiaren istorioa kontatzen du: ondoren, Poloniako presidente izan zen. Wajda bera ere sindikatu horretako kide izan zen. Film horrekin Cannesko Palma irabazi zuen 1981ean.