Zinema. Estreinaldiak

Animazioa eta familia osoarentzako filmak nagusi Gabonetako eskaintzan

'Mission Impossible', 'We Bought a Zoo' eta 'Inmortals' lehiatuko dira arrakasta komertzialaren bila

Mission Impossible-ren azkena: Ghost protocol. BERRIA.
Gontzal Agote.
2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Kalitate aldetik ez da izaten garairik onena, baina negozio ikuspuntutik Gabonak garai ona izaten dira ekoizle, banatzaile zein aretoentzat, ohi baino ikusle gehiago izaten baitituzte; bereziki, haur eta gaztetxoak. Horrez gain, onerako ala txarrerako, familia giroa nagusitu ohi da Gabonetan, eta horren ispilu da datozen asteotan zinema aretoetan ikusgai izanen dena. Oro har, denen gustuko izaten ahal diren filmak estreinatuko dira datozen egunotan, Gabonetako izpiritu famatuarekin bat egin nahian, ohi baino bigunagoak, ohi baino positiboagoak direnak.

Azken urteotan animazio generoa berpiztuta agertu da, eta aurten ere animazio film mordoxka izanen ditugu. Joan den astean estreinatu zen Gabonekin oso lotuta dagoen euskal ekoizpen bat, Gorka Vazquezen Olentzero eta iratxoen jauntxoa. Horrekin batera, Happy Feet 2 eta Puss in Boots ere aurreratu dira, baina horiek ere Gabonei begirako pelikulak dira.

Hurrengo egunotan animazio film gehiago ailegatuko dira aretoetara. Batetik, Alvin urtxintxaren abentura berriak ikusteko aukera izanen dute gaztetxoenek eta haien guraso sufrituek: Alvin and the Chipmunks: Chip-Wrecked. Film katalan bat ere sartuko da animazio eremuko norgehiagoka horretan, Floquet de Neu. Bartzelonako zoologikoan gatibu egon zen Copito de Nieve gorila ezagunean oinarrituta, filmak hiru dimentsioko animazioa eta irudi errealak uztartzen ditu. Teknika bera erabili dute The Nutcracker in 3D-n, dagoeneko film kaskarrenen Razzie sarietarako izendapen bat eskuratua duena. Hoffmannen ipuin klasikoaren bertsio berria da, eta Ellen Fanningdu protagonista. Haren ondoan, iparrorratza galdua duela ematen duen John Turturro aktorea.

Itxura interesgarriagoa du Hego Euskal Herrian ostiralean bertan estreinatuko den Arthur Christmas, Aardman estudio ospetsuaren azkena. Urtero ohi duenez, Santa Clausek opari guztiak banatu ditu, baina haur bat oparirik gabe gelditu da. Arthur, Santa Clausen semea, hanka sartze handi hori konpontzen saiatuko da.

Eta nostalgiarekin lotutako marketinerako tartea ere bada. Izan ere, Disney ahalguztidunak 1994ko The Lion King arrakastatsua dakar berriro ere; oraingoan, 3Dn. Ziurrenik, berriro ere, Simba lehoiaren abenturek ikusle asko bereganatuko dituzte.

Gabonetako ipuinak

Propio Gabonekin lotutako filmak ere klasiko izaten dira egunotan. Horien artean bi multzo egon ohi dira, izpiritu ofizialarekin bat egiten duten filmak, eta horri modu ironiko edo gordin batez begiratzen diotenak. Lehenen artean, bi film estreinatuko dira, Garry Marshallen New Year's Eve eta Paco Arangoren Maktub ekoizpen espainiarra. Bigarren multzoan, berriz, Finlandiatik datorren komedia fantastiko eta ganberro samar bat dago, Rare Exports: A Christmas Tale. Jalmari Halanderen filmak hiru sari nagusi eskuratu zituen Sitgesko zinemaldian.

Eta, azkenik, Gabonetan gehien ikusitako film izan nahi dutenen zerrenda luzea dago. Batzuk faborito dira txarteldegian lehen postuetan egoteko. Esaterako, Mission Impossible-ren laugarren atala, Ghost Protocol: berriro , Tom Cruiserekin; oraingoan, Brad Birdek zuzendua. Historia eta genero fantastikoa uztartzen dituzten azpigenero berri samar horren barruan, Tarsem Singhen Inmortals da Gabonetako apustu nagusia. Azkenik, diru asko eginen duen drama bat, Cameron Crowneren We Bought a Zoo, Matt Damon eta Scarlett Johanssonekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.