Animazioko euren lehen lana egiteko aukera eman die Elephant in the Room animazio tailerrak bertan parte hartu duten zortzi lagunei. Joan zen ostiralean amaitu zen tailerra, lanen aurkezpenekin, eta orain lanok edonork ikus ditzake, Artelekun antolatu duten erakusketan.
Maureen Selwood artista eta zinemagile irlandarrak gidatu du tailerra,eta bost aste iraun du. Parte hartzaile bakoitzak, minutu bateko animazio film laburra sortu du, eta, horrekin batera, lanari lotutako instalazio bat. Pantailako proiekzio tradizionala ekidin, eta lanak erakusketa eremura zabaldu nahi izan dituzte. Film laburrak eta instalazioak biltzen dituen erakusketa ostiralera arte egongo da zabalik; sarrera doan da, eta 09:00etatik 21:00etara egongo da irekita. Honako hauen lanak daude ikusgai: Angela Carrano, Jose Belmonte, Diego Herguera Acosta, Caramela Garcia, Chuneta Sanchez, Victoria Retana Diaz, Aitor Patterson eta Koro Lizarreta.
Musika esperimentala, gaur
Animazio lanen erakusketa ez da aste honetan Artelekura hurbiltzeko aitzakia bakarra. Gaur arratsaldean, Erin Sextonek, Alexander Wilsonek eta Loty Negartik emanaldia egingo dute, 19:00etan hasita.
Quebeceko soinu-artista eta inprobisatzailea da Sexton. Ez da ohiko instrumentuekin aritzen: bere langaiak taulak, oszilatzaileak, azalera anplifikatuak eta uhin elektromagnetikoak jasotzen dituzten kableak dira, besteak beste. Wilson, berriz, Montrealgo multimedia artista, performerra, musikaria, antzerki zuzendaria eta teorikoa da, eta alor askotan sortu ditu lan esperimentalak.
Animazioa, ikasleen eskutik
Artelekuk 'Elephant in the Room' tailerreko parte hartzaileen lanak bildu ditu erakusketa batean, ostirala arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu