Anje Duhalderen 'Ibilean' zuzenekoa, fase baten amaiera

Bere musika ibilbidea aztertu, eta «bazterreko kantak» eta «derrigorrezko zenbait» sartu ditu diskoko errepertorioanBilboko eta Ondarroako kafe antzokietan emandako kontzertuetan grabatu du

Bilbo
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Hasi bezala eman nahi dio amaiera Anje Duhaldek bere musika ibilbideko aro bati: zuzenean.Orain dela berrogei urte baino gehiago ekin zion musika egiteari, eta ordutik agertokietan eman du bizitza. Ibilean zuzeneko diskoa kaleratu berri du (Elkar, 2012), eta lan horrekin orain arte ibilitakoa bildu eta aldi berri batean sartzeko asmoa du. Bere errepertorioko hamabost kanta hautatu eta zuzeneko bi kontzertutan grabatu ditu; hain zuzen ere, oso kutunak dituen bi agertokitan: Bilboko eta Ondarroako kafe antzokietan. Bere bakarkako ibilbideko abestiak sartzearekin batera, hasierako garaiei ere keinu bat egin die, eta Errobi taldeko Gure lekukotasuna kantaren moldakuntza berezi bat sartu du. Diskoa zuzenean aurkezteko, zenbait kontzertuemango ditu hurrengo hilabeteetan: Donostiako Viktoria Eugenia aretoan izango da maiatzaren 10ean, Herri Urratsen 13an; ekainean, Irisarrin (Nafarroa Beherea) eta beste zenbait herritako jaietan.

Iñigo Tellaetxea baxu jotzailea, Remy Gachis gitarra jotzailea eta Txomin Duhalde bateria jotzailea izan ditu lagun oholtza gainean. Musikariak dozena bat urte baino gehiago izan ditu bidelagun jadanik. Horiekin batera, diskoan, Urbil Artolak hiru kantutan kolaboratu du, bere lapsteel gitarrarekin. Maikel Garcia eta Mikel Ugarte izan dira diskoko soinu teknikariak. Lehenak nahastu eta masterizatu du diskoa, Berako Mik estudioan.

Musika ibilean urte asko eman ditu Duhaldek, eta kontzertuek berebiziko garrantzia izan dute beti haren egitekoan. 16 urterekin hasi zen musika egiten, eta oholtzan estudioan baino gusturago sentitu da beti. «Zuzeneko emanaldietan gehiago disfrutatzen dut; musikariaren eginkizuna hori da, nire ustez». 2006tik, Sorminetan kaleratu zuenetik, ez du beste diskorik atera, eta, argitu duenez, estudioko disko berria grabatu ala ez ibili zen orain dela pare bat urte: «Egon nintzen pentsatzen disko berri bat egitea, kantu berriekin, baina, egia esanda, nirea ez da estudio batean sartzea eta grabatzea; zinez gaizki pasatzen dut. Eta, orduan, neure buruari galdetu nion: 'Eta zergatik ez eskaini jendeari entzuna duen gauza bat?'».

Errepertorioko kanten artean«derrigorrezko zenbait kanta» agertzen badira ere, «bazterreko kantak» sartzen saiatu dira, kontzertuetan normalean jotzen ez dituenak. «Disko batean gutxienez hamar kantu grabatzen dira, eta horietatik oso gutxi jotzen dira zuzenean. Hala, pixka bat bazterrean egon diren kanta batzuk sartu ditugu, kontzertuetan derrigorrezko diren beste batzuekin batera».

Aurretik beste emanaldi bat grabatu zuen Duhaldek, 1993an, eta, azaldu duenez, oraingoan ez du disko haren errepertorioa errepikatu nahi izan: «1993koa ez errepikatzen saiatu gara, nahiz eta derrigorrezkoak diren kantu batzuk sartu behar izan ditugun». Besteak beste, Errobiko garaietatik berekin beti ibili den Gure lekukotasuna eta bere bakarkako estudioko zenbait diskotatik ekarritako abestiak hartu ditu, hala nolaMaitasun nortasun, Bilintzi Balantzan, Isilean, Langabeak, Ezin isildu, Eperra eta Amnistiaren dema, beste batzuen artean. Diskoa metafora batekin amaitu du, eta, horretarako, entzuleei eskaini die Kantu hau zuretzat abestia.

Zuzenekoa grabatzerakoan, argi izan zuen non egin behar zuen, Bilboko Kafe Antzokiarekin oso lotura berezia du Duhaldek, eta duda izpirik ez zuen agertu. «Hastapenean Bilbon egitekoa zen, eta soilik Bilbon, toki hau izkina guztietatik ezagutzen dut. Niretzat, berezkoa zen hemen egitea. Ondarroakoan ere behin baino gehiagotan aritu naiz, eta, ez dakit, lotura berezia dago Ondarroaren eta nire artean, eta erabaki nuen bietan egitea». Ondarroako kontzertuan gripez gaixo zegoen eta, ahotsa gaizki zuenez, handik kantu gutxi hartu dituztela argitu du. Bilbokoan ere «ahotsez justu» ibili zela dio, osasun arazoak zirela eta. Kontzertuen jokoa eta xarma apurtu nahi ez, eta eztarriko arazoei lotutako soinu gehienak ere, hor itxi dituzte.

Bere abestien zuzeneko bilduma honekin bere musika ibilbidean aro berri bat hasteko asmoa duela argitu du, nahiz eta oraindik ez dakien zehazki zer egingo duen. «Fase hau bukatu dela pentsatzen dut eta, aurrerantzean, bestelako gauzetara lotukonaiz», argitu du. Aldaketak, batez ere, estiloarekin izango dute zerikusia: «Zerbait akustikoagoa egin nahi dut. Baina horrek ez du esan nahi bizitasunik izango ez duenik». Bere asmoen inguruko argibide batzuk ere eman ditu: 60 eta 70eko hamarkadetako folkaren zale da, eta hor zeregina badela dio. Kantu tradizionalak ere buruan bueltaka ditu: «Geure buruan gera daitezen grabatu behar dira, transmisioa gero eta txikiagoa baita familian, eta norbaitek egin beharko du lan hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.