Anjel Lertxundi idazleak, Maite Arroitajauregi musikariak eta Jon Garaño zinemagileak osatuko dute aurtengo Donostiako Zinemaldiko Euskal Zinemaren Irizar sariaren epaimahaia. Zinemaldiko antolatzaileek gaur eman dute epaimahaien berri; Euskal Zinemaren sariaz gain, beste sei epaimahai izaten baitira. Inoiz baino euskal ekoizpen gehiago izango dira lehiaketa horretan.
Epaimahai nagusiko burua Bille August zinemagilea izango da, eta taldekide izango ditu Anahi Berneri zuzendaria, Esther Garcia ekoizlea, Jia Zhang zuzendaria, Bina Daigelek jantzi diseinatzailea, Matthew Libatique argazki zuzendaria eta baieztatzeko daukaten beste kide bat.
Zuzendari berriaren sariko epaimahaiburua Carlo Chatrian idazle eta programatzaile italiarra izango da; Horizontes sarikoa Inma Cuesta; Zabaltegikoa Virginia Garcia del Pino; Europa-Latinoamerika koprodukzio forokoa Julie Bergeron mexikarra; eta, zinema eskolen sarikoa Joao Pedro Rodriguez zinemagilea.
Donostian izango diren izarren berri ere eman du Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak. Donostia saria jasoko duten Ethan Hawke eta Sigourney Weaverrez gain, Donostian izango dira Monica Bellucci, Fan Bingbing, Javier Bardem, Richard Gere, Hugh Grant Shailene Woodley eta beste hainbat aktore.