Lehendik ere idazle estimatua da Anjel Lertxundi (Orio, 1948), eta oraingoan Espainiatik iritsi zaio aitortza: Kultura Ministerioak eman ohi duen Saiakera Saria jasoko du, Eskarmentuaren paperak lanagatik. Hain zuzen ere, 2009an Espainiako Estatuan argitaratutako saiakerarik onena izan dela ebatzi du epaimahaiak. Albisteak ezustean harrapatu duela esan du idazleak horren berri jaso ondoren.
Literaturaz egiten du gogoeta Lertxundik Eskarmentuaren paperak liburuan, baina bere bizipenetan oinarrituta. Beraz, obra horrek asko du autobiografikotik. Bere "literatur obsesioetatik" asko duela esan du sariaren berri izan ondoren, eta bizitzaren, literaturaren eta hizkuntzaren inguruko hausnarketak bildu ditu, idazleak berak azaldu duen moduan. "Idazle baten liburua baino gehiago, irakurle baten liburua izatea nahi nuen", gaineratu du.
Saiakera sarri jorratu duen generoa da, haur literatura, ipuingintza eta eleberrigintza bezala.BERRIAn egunero idazten du Lertxundik, paperean zein blogean. Saria ibilbide osoaren aitortza balitz bezala jaso duela esan du. Gainera, euskaraz idazten geroz eta erosoago sentitzen dela aitortu du, eta 18 urterekin egin zuen hautu hori hizkuntza berritzen ari zen garai batean hartu zuela, euskal artea gorantz zetorren eta poesia euskaraz berpizten ari zen garaian.
Une honetan, bere hurrengo lanarekin ari da Letxundi, baina berak aitortu duenez, argitaletxeari hitz eman zion moduan, lehendik ere datorren urte hasierarako amaitzea zail ikusten bazuen, orain gehiago kostako zaio.
literatura
Anjel Lertxundik irabazi du Espainiako Saiakera Saria
'Eskarmentuaren paperak' lanagatik jasoko du. Literaturaz egin du gogoeta idazle oriotarrak, baina autobiografiatik ere asko du; saria ibilbide osoaren aitortza balitz bezala jaso duela esan du. BERRIArekin saiakeraren edukiaz mintzatu zen martxoaren 20an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu