«Itsasadar nabigagarria duten hirietan: hura da hiria ulertzeko modurik onena»: hala iruditzen zaio Antoni Muntadas artistari, eta, horrenbestez, Nerbioi hartu du ardatz Bilboren inguruan egin duen ikus-entzunezko instalaziorako: Hiri hutsa. Irailaren 5era bitarte ikusi ahal izango da, Bilboko Arte Ederren Museoan. Bertako zuzendari Miguel Zugazaren hitzetan, hiriaren «espazioan eta arkitekturan arakatzen du» erakusketak, baina miaketa ez du soilik gaur egunetik egiten, «transformatzen ari den paisaia» gisa irudikatu baitu Muntadasek Bilbo, Zugazaren arabera: «Ez du testuinguru historikoa ahazten. Iraganaren eta orainaldiaren arteko jauziak egiten ditu erakusketak». Hala, egun hartutako irudi eta bideoak argazki historikoekin uztartu ditu artistak, eta, ondorioz, 1936ko gerraostearekin, 1983ko uholdeek utzitako paisaiarekin eta 2020ko pandemiak eragindako hustearekin txirikordatzen ditu ibaiaren ertzetan azken hamarkadetan ugarituz joan diren eraikin modernoak.
Enkargu baten emaitza da erakusketa: hain zuzen, 2018an Arte Ederren Museoak eta BBVA fundazioak hiriaren inguruko obra bat sor zezan eskatu zioten Muntadasi, museorako propio. Geroztik igaro den tartean, ideiak joan-etorrian ibili zaizkio artistari proiektua forma hartuz joan den heinean —itxialdiak ere eragin nabarmena izan du, adierazi duenez—, baina itsasadarra hasieratik erabaki eta mantendutako elementua izan da, Miriam Alzuri Arte Moderno eta Garaikidearen kontserbatzaileak azaldu duenez: «Hasieratik eman dio garrantzia itsasadarrari, komunikaziorako tresna gisa, baina baita Bilboren hainbat alderen aglutinatzaile gisa ere: meatzaritzaren garaia, biziberritze urbanoaren argi-ilunak...».
Muntadasek adierazi du Bilboren inguruko «interpretazioen batura bat» erdietsi duela, eta, hori lortzeko, orobat izan du «kolaboratzaile batura baten» laguntza. Ohikoa du horrela lan egitea, Alzuruk zehaztu duenez, proiektu guztietan jartzen baita harremanetan «tokiko kolaboratzaile sare» batekin: «Ekonomialariak, komunikazioaren teorikoak, antropologoak, artista plastikoak» eta, oraingo honetan, baita bertsolariak ere: hain zuzen, Oihana Bartra eta Arkaitz Estiballes. Horiez gain, Iñaki Uriarte arkitektoak Bilbok azken hamarkadetan izandako aldaketak xehatzen ditu instalazioan entzun daitekeen audio batean, eta beste hainbat adituk ere antzeko gaiak izan dituzte hizpide erakusketaren libururako ondutako saiakeretan: hala, Joseba Zulaika antropologoaren eta Arantxa Rodriguez hirigilearen interpretazioak ere bildu dituzte, baita Guadalupe Etxebarria komisarioak itxialdi garaian Muntadasekin izandako hiru urruneko elkarrizketaren transkripzioak ere.
Zorrotzaurreko uhartetik hasi eta udaletxeraino, 22 hartualdik osatzen dute, guztira, Hiri hutsa-ren ibilbidea. Artistaren hitzetan, «paseo arina aurkezten saiatzen da proiektua. Guy Deborden estrategia situazionista berreskuratzen du: joatea, galtzea, lekualdatzea, ibiltzea».
Oraingoa eta lehengoa
Arte Ederren Museoko bi areto hartzen ditu Muntadasen erakusketak: 32a eta 33a, zehazki. Lehenengoan, aurretik sortutako hiru bideo paratu ditu: Dérive Veneziane, Guadiana eta Finisterre. Ez dira Bilbo, baina harekin lotuta daude uraren bitartez, Muntadasek azpimarratu duenez. Bigarren aretoak ditu hizpide Bilboren askotariko ertzak. Vacuum/ Plenum piezan, izenburuak iradokitzen duen gisara, dikotomia bat sortzen da itxialdiaren garaiko Bilboren eta egungoaren irudien artean. Efektua areagotzeko, horma baten alde batean proiektatzen dira batzuk, eta ifrentzuan besteak. Aretoan sartzean, zuri beltzean dauden irudiekin eta isiltasunarekin egiten du topo bisitariak, «hiriaren eskeletoarekin», artistak zehaztu duenez; atzeko aldea begiratzen duenean ikusten ditu koloreak eta jende bakan batzuk, eta orduan antzematen du, halaber, soinua. «Elementu sinkronikoak dira; ezin dituzu biak aldi berean ikusi. Lehenengo, vacuum-a ikusten duzu, eta gero, plenum-a», Muntadasek azaldu duenez.
On Translation: Itsasadarra obrak hiriaren perspektiba historiko zabalago bati egiten dio erreferentzia. Pieza berean batu ditu Dario Regoyosen Bilboko itsasadarra pintura, 1910. urtekoa, itsasadarrari jarraitzen dion Google Eartheko bideo bat, eta, haien artean, Bilboko mapa duen mahai bat. Mahaiak bi bozgorailu ditu ertzetan, eta bakoitzetik audio bat proiektatzen da: itsasadarrean ibilaldiak eskaintzen dituen Bilboats enpresaren audio gida da bata, eta Iñaki Uriarteren azalpen xehea da bestea, zeinak itsasadarraren bi aldeetako orografia, eraikuntzak eta bestelako ezaugarriak azaltzen dituen.
Vacuum/ Plenum-en dualismoa eta On Translation: Itsasadarra-ren perspektiba historikoa uztartzen ditu Suntsiketa/ Eraikuntza piezak. Horma zuri batean egungo Bilboren koloretako irudiak eta gerraosteko eta uholdeetako negatibozko argazkiak proiektatzen dira, Bartra eta Estiballesen ahapaldiek lagunduta. Edozein hiritan jazo diren «fenomeno ohiko eta ezohikoak» uztartu ditu piezan Muntadasek, nabarmendu duenez: «Fenomeno ohikoa da hiriaren garapen aurreikusia: plano urbanistikoak eta eraikuntzak. Ezohikoak dira espero ez direnak: gerrak, uholdeak eta pandemia».