Osatu da Donostiako 65. Zinemaldian Urrezko Maskorra lortzeko lehian parte hartuko duten zinemagileen zerrenda. Sei izen gehiagoren berri eman dute antolatzaileek. Lehia ofizialean izango dira Urszula Antoniak poloniarra, Anahí Berneri argentinarra, Emmanuel Finkiel frantsesa, Jean Libon eta Yves Hinant belgikarrak, Constantin Popescu errumaniarra eta Robert Schwentke alemaniarra. Orotara, 18 film izango dira sail ofizialean, beste hiru lehiaketaz kanpo proiektatuko dira, eta beste lau emanaldi berezi izango dira.
Aurrez beste bitan izan da Berneri Donostian, esaterako, eta epaimahaiko kide ere izan zen iaz. Encarnación filmarekin izan zen 2007an, Aire libre lanarekin 2014an, eta aurten Alanis lana aurkeztuko du. Haur txiki bat duen prostituta baten zailtasunak kontatzen ditu filmak.
[youtube]https://youtu.be/IdpfI-AfjTg[/youtube]
Popescuk ere ezagun du Zinemaldia. Zabaltegi- Zuzendari Berriak Sailean. Principles of Life filma proiektatu zuen 2010ean bertan. Eta Pororoca izeneko filma aurkeztuko du aurtengoan Sail Ofizialean. Senide baten desagerpenak familian uzten duen lorratza du pelikulak ardatz.
Lehenengoz izango da Finkiel Donostian, eta La doleur/ Memoir of Pain filma aurkeztuko du lehiaketan. Margarite Duras idazleak II. Mundu Gerran idatzitako egunerokoen egokitzapena da filma, eta zuzendariaren ibilbideak bermaturik dator lana jaialdira. Izan ere, izen ezaguna da frantziarrarena, eta sari zerrenda dauka curriculumean. Bertrand Tavernier, Krzysztof Kieslowski eta Jean-Luc Godard zuzendarien laguntzaile aritutakoa da, gainera. Film laburrik onenaren cesar saria jaso zuen 1997an, Madame Jacques su la Croisette lanarekin, eta bere lehen film luzearekin ere bi Cesar sari eta Canneseko gazteriaren saria irabazi zuen.
Alemanian hasi, eta AEBetan jarraitu du bere ibilbidea Schwentkek. Tatoo film luzearekin egin zuen estreinaldia han 2002an, eta Flightplan filmarekin hasi zuen bere Amerikako etapa. Baina Alemaniara itzuli da Zinemaldian lehiatuko den lanarekin. II. Mundu Gerrako azken uneak kontatzen ditu Der Hauptmann filmak.
[youtube]https://youtu.be/kTnUX9b67BQ[/youtube]
Locarnon sei sari jaso zituen Antoniak-ek 2009an. Nothing Personal filma aurkeztu zuen bertan ordukoan, eta bere ibilbideko laugarren filma aurkeztuko du orain Donostian: Beyond Words. Abokatu gazte bat da filmeko protagonista. Aita bisitan joango zaio, eta mingarri egingo zaio, haren bidez, bere sustraiekin berriz ere topo egitea.
Kazetari grafiko eta dokumentalista da Jean Libon. Strip-Tease telesail dokumentala sortu zuen. Han aritu zen lanean Yves Hinant kazetariarekin batera, eta elkarrekin dokumentalak egindakoak dira geroztik. Orain Donostiara Ni juge, ni soumise filma dakarte, eta, hain zuzen ere, Strip-Tease telesailaren atzean dagoen taldea da protagonista.
[youtube]https://youtu.be/tYcbkK-t2yo[/youtube]