Antonio Lopezen 260 obra inguru ikusgai daude iPaderako aplikazio batean

Artistaren hainbat margolan, marrazki eta eskultura egokitu ditu Bilboko Arte Eder museoak

Erredakzioa
Bilbo
2011ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Antonio Lopez margolari eta eskultorearen (Ciudad Real, Espainia, 1936) 260 obra baino gehiago bildu ditu Bilboko Arte Eder museoak iPaderako aplikazio batean.TF Ediciones argitaletxearen laguntza izan du horretarako, eta artistaren margolanak, marrazkiak eta eskulturak ez ezik, haren inguruko informazioa eta lan egiteko eraren gaineko jakingarriak ere kontsulta daitezke. 7,99 euroan jarri dute salgai.

Gigapixel teknikak irudiak zehaztasunez ikustea ahalbidetzen du; 360 gradutan ere ikus daitezke eskultura batzuk. Javier Viar Arte Eder museoaren zuzendariak adierazi duenez, irudiak gertutik ikusteak esperientzia «biziagotzen» du. Lopezen lana aztertzen duten hiru adituren iritziak ere jaso dituzte hamaika bideotan. Artistaren inguruko informazioa eguneratuko dutela gaineratu dute.

Arte Eder museoan dagoen Antonio Lopezen erakusketaren harira sortu dute aplikazioa. Urtarrilaren 22ra arte bisitatu ahal izango da artistaren ibilbideko lanak jaso dituen erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.