Literatura

Antonio Porchiaren ahots sekretuak

Urteurrenik ez, ezta berritasunik ere. Antonio Porchiari buruz aritzeko ez da behar aitzakiarik. Haren ahotsa isildu bazen ere, haren ahotsek xuxurlaka diraute, sekretua zabalduz alderik alde.

Antonio Porchia idazlea, Voces liburuaren egilea (Conflenti, Italia, 1886-Buenos Aires, 1968). BERRIA / BERRIA.
2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Italiako Calabrian sortu zen Antonio Porchia, 1885ean. Apaiz ohia zuen aita, eta,hark apostata bizitza jasan ezin zuenez, herri batetik bestera mugitzen ziren etengabe, esamesetatik ihesi. Haurtzaro eta gaztaro errariak izan zituen, beraz, Porchiak. Aita hil ondoren, 17 urteren jabe, ama eta sei anai-arrebekin batera jo zuen Argentinara. Hura izan zen bizitzan egingo zuen bidaia luze bakarra, ondoren ez baitzen sekula atera Buenos Aires probintziatik.

Semerik zaharrena izaki, gogotik egin behar izan zuen lan: arotz, saskigile, portuko langile... Ondoren, inprimategi bat zabaldu zuen anaia batekin batera, eta, hura itxi ondoren, bakarrik bizitzera joan zen, lorez eta fruta-arbolaz inguratuta. Porchiak zioenez, bizitzan bi bider ezagutu zuen maitemina; ez zuen seme-alabarik izan, ezta bikotekide iraunkorrik ere. «Ez nuen inorekin lotu nahi, ezta inor lotarazi ere». Lotsatia eta bakartia izanagatik, izugarri maite zuen lagunartea: «Konpainian egotea ez da norbaitekin egotea, baizik eta norbaitengan».

Lagun batzuek akuilatu egin zuten, elkarrizketetan etengabe azaleratzen zituen gogoetak argitara eman zitzan. Gogor egin zien hasieran, baina azkenik etsi egin zuen Porchiak. 58 urte zituela, Voces lanaren lehen edizioa plazaratu zuen La Fragua etxeak, 1953an. Ia oharkabean igaro zen hasieran, baina Argentinako liburutegietan, apurka-apurka, zabaltzen hasi ziren idazle ezezagun haren ahots sekretuak.

Sekretu haizatuak

Bien bitartean, lehen edizio haren ale bat Roger Caillois idazle eta kritikari frantziarraren eskuetara iritsi zen. Liluraturik irakurri zuen, eta ahots haien egilea topatu zuenean, zera esan zion Cailloisek Porchiari: «Lerro hauen truke emango nuke idatzi dudan guztia». Frantziara itzuli zen kritikaria, eta, han, Voces lana frantsesera itzultzen hasi zen.

Itzulpena argitaratu zenean, hainbat irakurle eta idazleren arreta erakarri zuen. Raymond Queneauk, esate baterako, edonongo eta edonoizko 100 idazle onenen artean paratu zuen Antonio Porchiaren izena. Henry Millerrek, bere aldetik, balizko liburutegi idealean kokatu zuen Voces. Andre Bretonek honako hau eman zuen aditzera: «Antonio Porchia argentinarrarena da espainolezko espresioan topatu dudan pentsamendurik etorkorrena».

Atzerrian izandako harrera onak izan zuen eraginik Argentinan. Hainbat hamarkadatan, Porchiaren liburu bakarra izan zena ikaragarri zabaldu zen. Argitalpenak berehala agortzen zirenez, kopia mekanografiatuak, fotokopiatuak edota eskuz eginak zabaldu ziren Hego Amerikan. Kopiaren kopiari kopiak egitean, testu zatiak galtzen ziren ezinbestean, eta batzuetan, baita egilearen izena ere. Gutxienekoa zen nork idatzi zuen; axola zuen zer eta nola. Porchiak berak zioen bere liburuan: «Edozein poeta da poeta. Izenak ez du interesik. Kopuruak ez du axola».

Iturrien jatorria

Zaila da jakitea Antonio Porchiaren literatur eraginak zeintzuk ziren. Iturri bila jardun izan dira hainbat aditu, eta aipatu izan dituzte hamaika izen: Lao Tse, Kafka, Pascal, Nietzsche, Blake, La Rochefoucault, Lichtenberg... Nolanahi ere, Porchiak aitortu zuen ez zuela bakar bat ere ezagutzen. Izan ere, berak zioenez, «gutxi eta ordenarik gabe» irakurritakoa zen.

Porchiak, aldiz, aparteko eragina izan zuen garaiko hainbat idazlerengan. Aurrez aipaturiko horiez gain, bere herrikide Roberto Juarroz eta Alejandra Pizarnik poeta handiengan arrasto sakona utzi zuen. Poesia bertikala lantzen zuen Juarrozek zera esan zuen adiskide minari buruz: «Porchiaren lanera itzultzen naizen aldiro, kasik erabiltzen ez den hitz zahar bat etortzen zait gogora: jakituria». Pizarnikek, berriz, eskutitz batean adierazi zion Porchiari Voces irakurtzean sentitu zuena: «Zure liburua da munduan sekula egin den bakartiena, eta, hala ere, gauerdian hura irakurtzen nuelarik, konpainian sentitu nintzen, edo, hobeto esanda, babesean».

Ez da lan erraza Voces sailkatzea, hain da liburu bakana. Konparazio garaikide bat egitekotan, txio bateko 140 karakteretan sartzen dira ahots edo esaldi gehienak. Paradoxaz eta sakontasunez beteriko gogoetak dira, baina berak ez zuen «aforismo» hitza erabili nahi ahots haiek izendatzeko. «Ez ezazue esan aforismoak idazten ditudanik. Umiliatuta sentituko nintzateke».

Prentsarako apenas egin zuen elkarrizketarik. Bakanetako bat Daniel Barroso gaztearekin izan zuen. Izan ere, gazte jendearekin egotea maite zuen gehien, edo bestela esanda, gazte jendearengan. Ahots ugari azaleratu zituen Porchiak elkarrizketa mamitsu hartan: «Zerbait ez bada zerbait, dena da. Poesia beti da osotasuna. Gainerako arteak, arte badira, poesia dira. Poesiak lotu, elkartu egiten du; garenean, lotura gara». Eta amaitzeko, Porchiaren ahots zati bat, aski esanguratsua: «Bizitza elkarbizitza da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.