Michelangelo Antonioniren (Ferrara, 1912-Erroma, 2007) obra dokumentala aztertuko dute gaur Zinebin. Zinemagile italiarraren obraren «alderdi ezezagun» horren inguruko hitzaldia emango du Carlo Di Carlok, Bilboko Arte Eder museoan, 11:00etan. Halaber, Antonioni su Antonioni dokumentala emango dute, 20:30ean. Antonionirekin batera lan eginikoa da Di Carlo, zuzendariaren laguntzaile moduan. Harena da Antonioniren obraz Zinebin erakutsiko duten dokumentala.«Antonionik ez zuen genero dokumentala erabili ondoren fikzioa egiteko lehen urrats gisa. Ibilbide osoan landu zuen, eta horrek argi erakusten du garrantzia izan zuela berarentzat», azaldu du.
Di Carlok liburu batean jaso ditu ideia horiek guztiak, eta Zinebik eman du argitara, espainieraz eta italieraz baino ez, Michelangelo Antonioni, documentalista izenburupean. Antonioniren obra dokumentala aztertu dute zenbait adituk argitalpen horretan. Adituak ez direnentzako liburua ere badela nabarmendu dute. «Edozeinek goza dezake irakurtzen».
Zinemagile italiarraren lan dokumentalen zikloa izaten ari da egunotan Zinebin. Haren ibilbide osoan eginiko lanak ematen ari dira, lehenetik azkenekora; alegia, 1943an hasitako Gente del Po-tik 2004an filmaturiko Lo sguardo di Michelangelo-ra, bidean bakar bat ahaztu gabe. Izan ere, haren obraren parte hori ez dela behar bezala aztertu uste dute ez bakarrik Zinebiren antolatzaileek, baizik eta baita Daniela Aronica zikloaren komisarioak ere. «Eta oso esanguratsua da, obra dokumentalean jorraturiko estilo eta teknikak fikzioan ere baliatu baitzituen. Gaurkotasun handiko lanak dira».
Esperimentatzeko esparru
Aronicak pintoreen natura hilekin alderatu ditu Antonioniren dokumentalak. «Pintoreek natura hilak ez zituzten enkarguz egiten, kolore, argi eta teknika berriak probatzeko baizik. Bada, Antonionik ere esperimentatzeko erabili zituen dokumentalak, lan horietan ikusten da Antonioniren zinemaren benetako esentzia, hor dago Antonioni purua».
Antonioni su Antonioni dokumentalaren aurkezpenean, Enrica Fico zinemagilea izango da Di Carlorekin batera. Antonioniren bikotekidea izan zen, eta lagundu egin zion azkeneko lanak egiten. Horietako batzuk ezin izan zituen zinemara eraman azkenean. Eta film izatera iritsi ez ziren gidoien zerrenda luzea pilatu zuen, Ficok dioenez. «Erronkak gustuko zituen: lehengo ekipo teknikoekin egin ezin zitezkeen sekuentzia eta efektuak bilatzen zituen». Agian horregatik izan zuen horrenbeste zailtasun finantzaketa lortzeko.
Antonioniren obra dokumentalaz liburu bat atera du Zinebik
Zinemagilearen obraren «alderdi ezezagun» horretan sakonduko dute gaur, hitzaldi eta dokumental baten bidez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu