Donostia eta Jazzaldia ezagun ditu lehendik ere Antony Hegartyk. 2005ean Jazzaldian izan zen, I'm A Bird Now bigarren diskoa, famara zuzenean hegan egiteko modua eman zion hura, argitaratu eta gutxira. Lau urte geroago, Kursaalean izan zen, bere orduko ohiko taldea eta pianoa lagun zituela, proposamen barnerakoi eta hunkibera eskainiz.
Uztailaren 19tik 23ra bitartean egingo da aurten Jazzaldia.Antolatzaileek ez dute zehaztu zein egunetan —ez bera eta ez beste ezein artista—, baina Jazzaldian izango da bigarrengoz Antony Hegarty; emanaldi berezi batean oraingoan. Migel Zeberiok zuzentzen duen Et Incarnatus orkestra handiaren —hamasei urte daramatza horretan— babesa izango du Hegartyk Cut the World izeneko emanaldian. Berrogei musika tresna inguruk osatuko dute orkestra, eta bere ibilbideko lau diskoetako kantuak eskainiko ditu Ingalaterran jaio baina New Yorken artista bihurturiko ahots bereziko musikari eta kantari horrek. Nico Muhlyk, Rob Moosek eta Maxim Mostonek egindako konponketa sinfonikoez jantzita kantatuko ditu bere piezak. Ikuskizun handia da, diseinu eszeniko zainduarekin eta okasiorako prezeski prestatutako argiekin.
Beste emanaldi batzuk ere jakinarazi dituzte; adibidez, Bobby McFerrin kantari ingelesarena. McFerrin egona da aurrez Jazzaldian. 2001eko jaialdia itxi zuen; Trinitate enparantzan eskainitako kontzertua zale askoren oroimenean iltzaturik geratu zen. 2008an ere izan zen; azken orduan Lou Reeden lekua bete zuen. Donostiako Orfeoiarekin batera, Zurriolako hondartza bereganatu zuen orduan. Ziur aski jazz kantari popularrena da gaur egun Bobby McFerrin. Don't Worry, Be Happy klasikoaren egilea da bera, eta ahots soilarekin entzulearengana iristeko eta elkar-ulertze berezi bat sortzeko gaitasuna du. Ahotsaren akrobatatzat daukate askok, imitaezinezkotzat.
Reggaea eta ospakizuna
Kasu honetan proiektu harrigarria dakar Yellowjacketsekin batera, jazz garaikideko talde iraunkor eta eraginkorrenetako batekin. Ez alferrik, hamahiru aldiz jaso du Grammy saria. Halako talde baten indarrak (Bob Mintzer saxoan, Russell Ferrante teklatuetan, Jimmy Haslip baxuan, eta William Kennedy baterian) McFerrinen ahotsaren abileziarekin batera, gutxien-gutxienez kontuan hartzeko esperientzia ziurtatzen du.
Jamaica Legendsen emanaldia ere iragarri dute; jai girokoa izango da ziurrenik, baztertu ezinezkoa da jazzaren eta reggaearen zaleentzat. Musikari jamaikar historikoek parte hartuko dute: Sly & Robbiek, Monty Alexanderrek eta Ernest Ranglinek.
Los Cubanos Postizos ere ariko da Donostiako Jazzaldian, Marc Ribot gitarrista malguaren proiekturik ezagunenetako bat, zeinarekin son kubatarra omentzen duen. Ribot, 1999an bezala, berriro itzuliko da egitasmo horren buru delarik. Ribotek lankide gisa izan dituen musikarien zerrendari erreparatuta, argi ikusten da berritzailea den ororekiko zaletasuna: John Lurie eta Lounge Lizards, Tom Waits, Elvis Costello, Sun Ra, John Zorn, The Jazz Passengers, Laurie Anderson, Arto Lindsay, Caetano Veloso, Allen Ginsberg...
Gutxitan ikus daiteke, halaber, Ninety Miles taldean ikusten den talentu gazteen topaketa. 90 milak bereizten dute Estatu Batuak eta Kuba, eta distantzia horretan oinarritu ziren Stefon Harris bibrafono jotzailea, David Sanchez saxofoi jotzailea eta Nicholas Payton tronpeta jotzailea beren proiektuari izena jartzeko.
Uztailaren 20rako, Jazzaren Gaua ekitaldia antolatu du Jazzaldiak, Viktoria Eugenia antzokiaren mendeurrena ospatzeko.
Antony Hegarty Et Incarnatusekin ariko da Donostiako Jazzaldian
Bobby McFerrin, Jamaican Legends, eta Marc Ribot dira jaialdian arituko direnetako beste batzuk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu