Antzezlan motz oparoa

Asier Hernandezek irabazi du Cafe Bar Bilbao Teatro Laburren XVIII. Lehiaketa, 'Kill, Kerra eta karma' obrari esker. Gaur egungo gaiak umorez jorratzen ditu

Asier Hernandez eta David Mangana irabazleak, Mikel Martinez eta Patxo Telleria antzezleek inguratuta, atzoko prentsaurrekoa bukatu berritan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
2013an bururatu zitzaion Asier Hernandez aktoreari Kill, Kerra eta karma obraren oinarria, eta hura idazten ere hasi zen, baina albo batera utzi zuen proiektua. Istorioaren aztarna, ordea, bere ordenagailuan zegoen ondo gordea, eta orduko lerrookin egin zuen topo zazpi urteren ondoren, Cafe Bar Bilbao tabernak Tartean Teatroaren laguntzarekin antolatutako lehiaketarako ideien bila hasi zenean. Orduko lanetik tiraka ondutako testuak Cafe Bar Bilbao Teatro Laburren XVIII. Lehiaketako euskarazko saria lortu du, eta Bilboko Bira kulturgunean irakurriko dute, martxoaren 4an, Lautan Hiru antzezlan laburren jaialdian. David Manganari egokitu zaio gaztelaniazkoa, El muffin de Proust lanari esker.

Istorioari berriro ekin zionean gauza «arraro» bat gertatu zitzaiola aitortu du Hernandezek. «Pertsonaiak errebelatu egin zitzaizkidan: beren kabuz aritzen hasi ziren». Kill eta Kerra pertsonaia nagusien agerpenarekin hasten da lana: ipuin bat kontatzeko intentzioarekin taularatu dira, baina, azkenean, ez dute kontakizuna burutuko. Aldiz, beste pertsonaia batzuk ere lagun dituztela, eguneroko hainbat gai izango dituzte hizpide, umorez jorratuko dituztenak betiere, Hernandezek azpimarratu duenez: «Momentu batean kilker bat agertuko da bere amaren heriotzari buruz hitz egiten, eta euskara batuaz edo politikaz ere arituko dira. Modu absurdo batean hitz egingo dute gaiez». Are, karma ere jorratuko du Carme izen homofonikodun emakume katalan batek.

Sortzaileak animatzea xede

Euskarazko zazpi proiektu eta gaztelaniazko hamabi aurkeztu dira aurten. Mikel Martinez Cafe Bar Bilbao tabernako arduradun eta aktoreak horien guztien «kalitate ona» nabarmendu du, eta adierazi du erabakia «oso zaila» izan dela. Martinezen hitzetan, sariketaren helburua «antzerki munduan sormena bultzatzea» da, eta akuilu horrek, zehazki,testu dramatikoak ditu jomuga. «Agian ez da elementurik ikusgarriena, ikus-entzunezko baliabideak izan daitezkeen moduan, adibidez, baina inportanteena da». Saria «umila» dela aitortu du autoreak —400 euro—, baina, hala ere, duen «pizgarri» izaera ere nabarmendu du, «oihartzuna, diru pixka bat, eta, euskarazko saridunaren kasuan, gutxienez, irakurketa dramatizatu bat» bermatzen baitie irabazleei. Horrez gain, Bilboko Pabellon 6 antzokiak lehiaketako hamazortzi aldietan inoiz gailendutako antzezlanik taularatu nahi balu sariaren antolatzaileek ekoizpenean lagunduko luketela argitu du Martinezek.

Pizgarri materialez gain, sorkuntzen moldea ere akuilu izan ohi da antzerkigile berrientzat zein ibilbide luzekoentzat, Martinezek azaldu duenez. «Ez du zerikusirik kalitatearekin, baina badirudi dramaturgo berriak animatzeko hobea dela antzezlan laburra». Behin testua sortuta, hura errazago taularatu ahal izateko modua ematen du moldeak. «Formatu txikiak ez ditu hainbeste beharrizan tekniko; beraz, leku ezohikoetan egin daiteke. Publikoarengana heltzeko beste modu bat da», adierazi du aktoreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.