Antzinako hiru pintura italiar jaso ditu Bilboko Arte Ederren Museoak

XV. eta XVI. mendeetako hiru lan eman dizkio zentroari Oscar Alzaga politikari eta abokatu ohiak

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, atzo, Oscar Alzaga bildumagilearekin batera. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Inigo Astiz
2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Bost mendeko ibilbidearen ostean, Euskal Herrian geratuko dira aurrerantzean XVI. mendean florentziar margolari ezezagun batek margotutako Dama baten erretratua mutikoarekin margolana, Orazio Gentileschik 1605 eta 1612 artean pintatutako Judit eta haren neskamea Holofernesen buruarekin, eta Salvator Rosak 1660. urtean bukatutako Juda eta Tamar. Oscar Alzaga politikari eta abokatu ohiak Bilboko Arte Ederren Museoari eman dizkio hirurak.

Hiru koadroen kalitate artistikoa nabarmendu du Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak. «Ohiz kanpokoak» eta «paregabeak» dira, haren hitzetan, eta bildumagilearen «eskuzabaltasun keinua» eskertu du. Zuzendariak zehaztu duenez, gainera, museoak italiar arteari eskainitako atala aberastuko dute. Esaterako, 1924az geroztik bildumaren parte den Gentileschiren beste margolan baten ondoan ikusi ahalko da aurrerantzean Alzagak emandakoa.

Hasieran, 2017an Prado museoari eman behar zion margolan multzo zabalagoaren parte ziren Alzagak orain Bilboko museoari eman dizkion artelanak. Zugaza zen orduan Madrilgo museoko zuzendaria, eta koadroak aretoetan ikusgai jartzeko baldintza ezarri zion bildumagileak erakundeari. Sei margolan eman zituen, azkenean, eta beste bat erosi ahal izateko dirua ere jarri zuen, baina beretzat gorde zituen museoari eman asmo zizkion beste piezetako batzuk, eta horren ondorioz amaitu dute hiru lanek orain Euskal Herrian. «Antzinako artearen zaleek badute obrak museo on bati emateko halako betebehar moduko bat», azaldu du Alzagak, Bilbon margolanak aurkezteko eskainitako prentsaurrekoan.

Bildumagilearen etxean

Madrilen jaio arren, bilbotarrak zituen gurasoak Alzagak. Frankismo garaian hainbat alderdi demokrata kristautan militatu ostean, UCD alderdia sortu eta Espainiako Kongresuko diputatu izan zen bi legealditan. Leopoldo Calvo Sotelo Espainiako presidentearen aholkulari ere izan zen, eta, abokatu izateaz gainera, unibertsitatean irakasle ere izan da, katedradun izateraino.

Hiru koadroak Bilboko Arte Ederren Museoarenak diren arren, bizi den artean, lanak bere etxean eduki ahalko ditu bildumagileak, hala nahi izatera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.