Elkarlanean, ofizioetan, balekotik pixka bat gorago mailari tiraka aritu zen Gorka Lazkano ofizioetan zenbaitetan, baina ez zuen nahi beste tiratzerik lortu, eta balekoaren bueltan ibili zen. Ofizioen ostean lehen puntua emanda, bertsoa osatzeko orduan poto egin zuen, eta kartzelan lanik onena berea izanagatik ez zion potoari eta sailkapenari buelta ematerik lortu. Finalaurrekoetan kantatzeko beste puntu lortu zituen.
Ariketa berean egin zuen poto beheragotik baina tarteka gorantz eginez aritu zen Eñaut Uruburu. Zortziko handian eta zortziko txikian ale politen bat edo beste utzi zuen.
Puntua emanda bertsoa osatzekoa izan zen, Ugartetxearen kasuan salbu, emaitzarik txarrenak eman zituen ariketa; izan ere, Ion Barrocalek ere poto egin zuen. Puntu fineko hainbat bertso kantatu zituen arren, ez zuen horrenbeste asmatu bertsoak biribiltzeko orduan.
Bertsoak biribiltzeko eta txukun osatzeko arinegi eta gehiegi pentsatu barik kantatu zuen Eneko Arratek, kantatzearen bidez komunikatzeari garrantzi handirik eman barik. Modu horretara, behin eta berriz egindako askotariko akats teknikoz osatu zuen bere jarduna, tarteka entzuleak barreka utzi zituen kolperik utzi bazuen ere. Saioan behin baino gehiagotan egin zion bere buruari barre bere bertso maila dela eta.
Aurreko guztiengandik tarte zabalera sailkatu zen Olatz Ibarluzea; kantuan urduri aritu zen, eta maiz trabatu. Kostata aritu zen saio guztian.
Gai onak izan ziren ofizioetan, baina ez zen bertsoaldi orekaturik entzun; batzuetan, batak ala besteak lan txukuna eginagatik. Zortziko txikian Ugartetxeak eta Uruburuk egindakoa izan zen ofiziorik osoena. «Bikotea zarete. Eñaut, dirua aurrezteko edo, Beñatek etxea berak pintatuko zuela esan zizun. Hasi orain hilabete hasi zen, baina oraindik ez du amaitu», jarri zien gaia Zuriñe Iarrituk. «Hasi ta ezin amaitu / itxi dau horrela / guztia egiten dau / ohean bezela», bota zion lehenengoan Uruburuk. Azken bertsoan azalduko zion argien bere jarrera Ugartetxeak: «Nik lana egiten dut / behar dan patxadan / eta bukatuko dut / hurrengo boladan. / Azkar da ondo soilik / usoak hegaran».
Jokoa errenta ez den arren
«Apustuzalea zara. 'Hau azkena'. Hori esaten duzu beti, baina gaur ere daukazun apur hori jokatu duzu», izan zuten kartzelako gaia. Lazkanorena izan zen lanik onena. Txukun hasi zuen ariketa:
Gorka Lazkano
Traineruetan jokatu ohi dot
itsaso edo erreka
Bardin futbola edo pelotan
danetarako da beta.
Nik beti daukat dirua bertan
jokoa da nire meta
baina sarritan e jat urtetan
ondo neure errezeta.
Nahiz ta sarritan entzuna dodan
jokoa ez dala errenta
infernurako bidean noa
ta ezin neike emon buelta.
Itzubaltzetako kartzelako lanarekin bukatu ziren kanporaketetako ariketa puntuagarriak, eta, saiokoak jakinda, erabakita geratu zen zeintzuk diren finalaurrekoetan lehiatuko diren bertsolariak. Ugartetxeak Gernika-Lumoko finalaurrekoan kantatuko du abenduaren 5ean, eta Lazkanok, Durangon, hilaren 21ean, finalaren atarian, finalean kantatu gura izatera, apal ibiltzeko aukera barik.
Sailkapenak
ITZUBALTZETAKO SAIOA1.- Beñat Ugartetxea 392
2.- Gorka Lazkano 377
3.- Eñaiut Uruburu 344
4.- Ion Barrocal 339
5.- Eneko Arrate 335
6.- Olatz Ibarluzea 301
KANPORAKETEN IRABAZLEAK
1.- Miren Amuriza 446,5
2.- Oihana Bartra 412,5
3.- Ibon Ajuria 410
4.- Jone Uria 398,5
5.- Beñat Ugartetxea 392
PUNTUAZIOZ SAILKATUAK
1.- Gorka Ostolaza 400
2.- Arrate Illaro 392,5
3.- Peio Ormazabal 392
4.- Gorka Lazkano 377
5.- Xabier Enbeita 370,5
6.- Eneko Abasolo 'Abarkas'365,5
7.- Xabat Galletebeitia 364,5
8.- Joseba Artza 3632
AURREKO FINALISTAK
1.- Onintza Enbeita
2.- Arkaitz Estiballes
3.- Etxahun Lekue
4.- Iratxe Ibarra
5.- Fredi Paia