Jean-Paul Gaultier diseinatzailearentzat «apaltasun lezioa» izan zen, berak aitortu zuenez, herenegun Getariako Balentziaga museoari egindako bisita. Javier Gonzalez de Durana museoko zuzendariak eta Miren Arzalluz museoko bildumaren arduradunak egin zioten harrera Gaultierri, eta bi ordu eta erdi baino gehiago eman zituen museoko aretoak ezagutzen eta Balentziagaren lanak arretaz aztertzen. Gaultierrek «soinekoak aurkezteko modua eta museografiaren egokitasuna» goraipatu zituen, museoko arduradunek jakinarazi dutenez. «Baita museoko gainerako espazioen handitasuna ere».
Jean-Paul Gaultier (Arcueil, Frantzia, 1952) goi mailako joskintzako diseinatzaile ezaguna da. Madonna kantariaren soinekoak diseinatu zituen 90eko hamarkadan, Wolfrod Hosieryrekin elkarlanean. Horretaz gain, Pedro Almodovar, Luc Besson eta Jean-Pierre Jeuneten filmetarako jantziak diseinatu ditu, besteak beste. Lurrin sortzaile gisa ere oso ezaguna da.
Lotura berezia soineko batekin
Museoak Balentziagaren obra osoaren bilduma zaintzen du, eta haren zati garrantzitsu bat ikusteko aukera ematen du, 90 soineko zehazki. Guztiak ikusi zituen Gaultierrek, baina arreta berezia jarri zion Fabiola de Mora y Aragon belgikarren erreginaren eztei soinekoari, soineko horrekiko lotura berezia baitu. 1960ko abenduan bihurtu zen Fabiola de Mora y Aragon belgikarren erregina, Balduino erregearekin ezkondu zenean. Ezkontza telebistaz ikusi zuen Gaultierrek, 8 urte zituela, eta, erreginaren soinekoarekin liluratuta, bere peluxezko hartz kutunarentzat haren modukoa diseinatu zuen, neurri txikiagoan egina.
Peluxezko hartzarentzat egindako soinekoa Montrealen dago ikusgai egunotan (Quebec), Arte Ederretako Museoan, The Fashion World of Jean-Paul Gaultier: From the Sidewalk to the Catwalk atzera begirako erakusketan.
«Apaltasun lezioa» jaso du Gaultierrek Balentziagan
Diseinatzaile ezagunak «soinekoak aurkezteko era eta museografiaren egokitasuna» goraipatu ditu museoa bisitatzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu