Dantza

Apirilean dantzaren hilabetea egingo dute Donostian

Besteak beste, eskolen dantza erakustaldiak, ikastaroak, dantza klasikoaren barra emanaldia eta Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko jaialdia egingo ditu Gipuzkoako Dantza Profesionalen elkarteak.

Hiru dantzari iazko jaialdian, Kontxan. JUAN HERRERO / EFE
K Saioa Alkaiza(h)
2015eko martxoaren 26a
16:50
Entzun

"Ekintza asko egongo dira, urtero bezala". Prestaturiko egitarauaren aniztasuna azpimarratu nahi izan du Gipuzkoako Dantza Profesionalen elkarteko presidente Idoia Lekunberrik. Adierazi duenez, hurrengo igandean ekingo diote dantzaren hilabeteari, dantza eskolen erakustaldi batekin, Andoaingo Bastero kultur gunean. 20 dantza eskolak 27 obra taularatuko dituzte, 241 ikasleren laguntzaz. Maialen Urdapilleta elkarteko idazkariak kopurua goraipatu du: "Zaletasuna gero eta handiagoa da. Handitzen doa: 3 urtetatik 35 urtera arteko lagunak daude, bai eta zaharragoak ere".

Ikastaroei dagokienez, apirilaren 6tik 10era Carmina Ocaña dantzari zailduak ikastaroa eskainiko du, maila orotariko zaleei eskainia. "Bera izan da Espainiako ballet nazionaleko maisuetako bat", esan du Lekunberrik.

Kalea dantzaleku bat da

Dantza ez da, haatik, soilik areto barrenean egongo. Kalea ere hartuko du: Dantza Kalean ikuskizunaren bederatzigarren edizioa egingo dute eta. Jazz, hip-hop, dantza garaikidea... Hamaika doinuen agindupean interpretatuko dituzte obrak hainbat dantzarik, Alderdi Ederren, apirilaren 18an.

Bestalde, klasiko bat dago, ezinbestean, aurtengo programan ere: dantza klasikoaren barra emanaldia. Kontxako barandan adin guztietako 1.272 interprete elkartuko dira, hilaren 19an. "Betiko irudi ederra islatuko dute", ziurtatu du presidenteak; ildo beretik, jo du idazkariak: "Hiri honen klasikoetako bat da".

Horrez gain, XIII. dantza sariak banatuko dituzte, hilaren 25ean; eta 26an, Dantzaren Nazioarteko Egunaren jaialdia ospatuko dute. Dena dela, oraindik ez dute bi ekitaldien inguruko informaziorik zabaldu.

"Ilusionatuta gaude, eta egitasmoa asko dauzkagu eskuartean". Etorkizunera begira elkarteko kideek ideia ugari dauzkatela argitu du Lekunberrik, alegiazko proiektuak buruan: "Ohiko ikastaroa dantzaren nazioarteko stage-a izan liteke; dantza lehiaketa bat ere egin genezakeen...". Aurrerantzean, hilabetea are gehiago osatzeko nahia azaldu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.