Harreman estua dute Lars Von Trierrek eta Cannesko zinema jaialdiak. 1996an epaimahaiaren sari nagusia irabazi zuen Breaking the Waves bikain eta itogarriarekin. 1998an Idioterne filma aurkeztu zuen; ez zuen saririk eraman, baina lortutako oihartzuna oso baliagarria izan zitzaion Dogma 95 mugimendua ezagutarazteko. 2000n, berriz, Urrezko Palma eskuratu zuen Dancer in the Dark-ekin, Bjork eta Catherine Deneuve elkartu zituen musikal sailkaezina.
Aurtengo maiatzean zuzendari daniarra berriro itzuli zen Cannesera. Haren Melancholia sail ofizialean lehiatzekoa zen. Lehen pasea egin zenean, kritikari gehienen iritziak positiboak ziren, oso pelikula interesgarria omen zen. Dena okertu zen ondoko prentsaurrekoan. Von Trier ez da sekula oso trebea izan diplomazia kontuetan, baina Cannesen marka guztiak hautsi zituen. Hitlerrenganako ulerkor agertu zen, eta, jakina, hitz horiek egundoko polemika eragin zuten mundu osoan. Berehala zuzendariak esandakoa zehaztu nahi izan zuen, baina ordurako berandu zen, Cannesko jaialdiko zuzendaritzak, persona non grata izendatu, eta kanporatu egin zuen.
Afera triste horren kaltetu nagusia Melancholia bera izan da. Cannesen izan zuen harrera ona guztiz itzali baitzuten ondorengo gertaerek. Orain, estreinaldi komertzialarekin filmak berezko bidea egiteko aukera du, bere zuzendariaren ahoberokeriengatik urrun.
Atarikoa eta bi atal
Izenburuak argi uzten duen moduan, ez da oso pelikula alaia. Zinemagilearen depresioak eragindako istorio batean oinarritzen da Melancholia. Hala ere, filmari izenburu ematen diona ez da aldarte bat, Lurrera hurbiltzen ari den planeta baten izena baizik. Izan ere, Cannesko Urrezko Palma irabazi zuen The Tree of Life bezalatsu, honako hau ere nahiko pelikula kosmiko eta metafisikoa da.
Berez, bi partetan banatu du istorioa Von Trierrek; bi ahizpa dira horietako bakoitzean protagonista. Lehena Justina izeneko atala da; eztei eguna ospatzen ari da Justina, luxuzko etxe batean. Bigarren partea, berriz, Claire da; bigarren ahizpa du protagonista, Claire, eta planetaren mehatxua du gai nagusi; nolabait apokalipsiaren aurrekoa da. Bi atal horiez gain, Antichrist-en egin zuen moduan, pelikulari hasiera emateko sekuentzia eta argazkiekin osatutako obertura moduko bat egin du Von Trierrek.
Kontu ezaguna da daniarra ez dela oso atsegina izaten lan egiten duen aktoreekin. Zuzendari gogorraren fama merezimendu osoz irabazia du. Bere filmetako protagonistei asko eskatzen die, eta haiek ez dira beti prest horrenbeste sufritzeko. Nicole Kidmanek eta Bjorkek oso esperientzia txarra izan zuten; ez dira sekula zinemagilearen aginduetara itzuliko. Oraingoz, Melancholia-ko protagonistak ez du inolako kexarik agertu. Kirsten Dunstek lehen aldiz lan egin du Lars von Trierrekin.
Haren ondoan, zuzendari erretxinarekin lan egitea badakiten hainbat aktore agertzen dira. Charlotte Gainsbourgek zeregin latza izan zuen Antichrist-en. Baina ez omen da damutu, eta berriro itzuli da Von Trierrekin. Stellan Skarsgard ere zuzendariaren konfiantzazko aktorea da Breaking the Waves egin zuenetik.
Espero zen moduan, Melancholia-ren inguruan sortu den saltsak ez du Von Trier kikildu, eta dagoeneko zuzendariak iragarri du film pornografiko bat ari dela prestatzen, Nymphomania. Horretaz gain, Dogville eta Manderlay-rekin hasi zuen AEBei buruzko trilogia itxi nahi du hurrengo urtean, Washington filmarekin.
'MELANCHOLIA'
Zuzendaria. Lars von Trier.
Aktoreak. Kirsten Dunst, Charlotte Gainsbourg, Kiefer Sutherland, Charlotte Rampling, Alexander Skarsgard.
Herrialdea. Danimarka.
Urtea. 2011.
Iraupena. 136 minutu.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Apokalipsia, Von Trierren arabera
Zuzendaria Hitlerrekin ulerkor agertu zelako Cannesko zinema jaialdian sortutako polemikak itzal egin dio 'Melancholia'-riFilm kosmiko eta metafisikoa da, izenburua Lurra jotzear dagoen planeta bati zor diona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu