Zinema. Estreinaldiak

Apokalipsiarekin amesten

Hainbat zinemaldi garrantzitsutan ibilbide emankorra egin du Jeff Nicholsen Take Shelter pelikulak

Michael Shannon da filmeko protagonista nagusia. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Iazko Cannesko zinemaldiko sail ofizialean apokalipsiarekin zerikusia zuten bi pelikula garrantzitsu aurkeztu zituzten: bata, Lars von Trieren Melancholia, eta bestea, Jeff Nicholsen Take Shelter hau. Zuzendariak berak azaldu duenez, 2008an ekin zion istorioa idazteari, orduan sentimendu ezkorrak nagusitu zitzaizkion, nolabait aro baten amaiera aurreikusten zuen, eta ideia horiek bere protagonista nagusiari txertatu zizkion; apokalipsiarekin amesgaiztoak dituen langile bati, hain zuzen.

Curtis Laforchek barnean duen beldurra kontrolatzeko ahalegin handia egin behar izaten du. Amesgaizto ikaragarriak ditu, apokalipsiarekin amets egiten du. Ez daki zehazki zer etorriko den, neurriz kanpoko ekaitz itzel bat ala bizitza osoan espero izan duen zorigaiztoren bat. Kontua da beldurrak jota bizi dela.

Egoera horretan dagoela, emaztea eta semea babestea da haren lehentasuna. Baina ez daki zehazki zein den mehatxua; hortaz, ezin jakin nola babestu haiek: kanpoan ote dago arriskua, ala berarengandik babestu behar ote ditu? Izan ere, hainbatetan buruko gaixotasunen bat duela uste du.

Take Shelter lanak azken hilabeteotan ezustekoa eman du talde independenteen artean. Zarata handirik sortu gabe, pausoz pauso, zinemaldiz zinemaldi, ibilbide sendo eta emankorra egin du. Besteak beste, Cannesen kritikaren Fipresci saria irabazi zuen, eta Gijongoan, berriz, epaimahaiaren sari berezia. Beste hainbat zinemalditan ere sari garrantzitsuak irabazi ditu film honek.

Jeff Nicholsen bigarren lan luzea da. Lehena orain dela lau urte egin zuen: Shotgun stories. Film horrek ere Michael Shannon zuen protagonista. Azken urteotan Shannon Revolutionary Road pelikula eta Boardwalk Empire telesailari esker egin da ezagun. Jeff Nicholsek prest du bere hirugarren proiektu zinematografikoa, Mud,eta estreinaldia hurrengo urterako dago iragarria.

'TAKE SHELTER'

Zuzendaria: Jeff Nichols.

Aktoreak: Michael Shannon, Jessica Chastain, Shea Whigham, Katy Mixon, Kathy Baker, Lisa Gay Hamilton.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2011.

Iraupena: 123 minutu.

Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.