Araba Bertsozalek berrogei saio eta sei ikastaro eskainiko ditu

«Arabako bertsolaritza hedatzea, plaza berriak lortzea eta zale berriak sortzea» nahi dute egitasmoarekin

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Arabako Bertsozale Elkarteak iaz jarri zuen abian Araba Bertsozale egitasmoa, eta, aurten, egitasmo horrekin jarraituz, berrogei bertso saioren eta sei bertso tailerren antolakuntzan laguntzea aurreikusten du, hiru helburu nagusi begiz jota: «Kultur eragileen artean Arabako bertsolaritza hedatzea, plaza berriak lortzea eta zale berriak sortzea».

Helburu horiek lortzeko, Arabako hainbat kultur eragilerekin elkarrizketak egiten ari dira Arabako Bertsozale Elkarteko arduradunak, eta dagoeneko hainbat herritako udako jaietan bertso saioak egin daitezen lortu dute, baita bertsolaritzari buruzko ikastaroak antolatzea ere, udazkenerako.

Uztaileko egitarauko lehen saioa Kanpezuko Ibernalo landetxean etzi egingo den bertso afari interaktiboa da; Manex Agirre, Julen Zulaika eta Xabi Igoa ariko dira, 21:30ean hasita. Gasteizko Adurtza auzoan, Aramaion, Gasteizko Zabalgana auzoan, Gasteizko Plaza Barrian, Aretan, Aramaioko Gureia auzoan, Zigoitian eta Zalduondon egingo dira abuztua bitarteko hurrengo saioak.Bertso saioez gain, bertso bazkariak, bertso afariak eta bertso-dantza plazak izango dira. Saioak tokian tokiko errealitatera egokitzeko ahalegina egiten dute beti.

Inoizko indartsuen

Arabako bertsolaritza inoizko egoera onenean dagoela adierazi dute Arabako Bertsozale Elkarteko arduradunek, datuetan oinarrituta: 1.600 umek jasotzen dute bertsolaritza ikastetxeetako ikas orduetan, 11 herritan daude bertso eskolak eta iaz 140 bertso saio egin ziren guztira. Baina bertsolaritzak dauzkan aukerak «partzialki» baino ez dira ezagutzen«Arabako txoko batzuetan». Horregatik, funtsezkoa irizten diote «bertsolaritza zer den, nolakoa den eta zein errealitate bizi duen ezagutarazteari».

Egitasmoa aurrera ateratzeko, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Vital Kutxaren laguntza du Arabako Bertsozale Elkarteak, eta BERRIA egunkariak laguntzaile gisa parte hartzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.