Interpretazioaren arteak bizi duen egoera kaskarra datuen bidez aurkeztu du, gaur goizean, aktore eta interpreteen jabetza intelektualeko eskubideak kudeatzen dituen AISGE fundazioak. Urtea hasi zenetik garatu duten lan soziologikoan oinarritu dira horretarako. Estatu osoko 3.283 artistei egindako inkestetatik atera dituzte emaitzak. Horietatik 167 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egin dituzte.
Hiru probintzietan guztira 100 artistatik 58 sektorean ari ez diren arren, datu hori estatukoa baino 10 puntu hobea dela ere azaldu dute. Datu okerrenak ikus-entzunezko sektoreko aktoreen artean daude: aktoreen %73a dago langabezia profesionalean. Bikoizleen kasuan %52koa da langabezia datua, eta %44koa antzerkian. Langabeziak bultzatuta, artista askok bestelako lanetara jotzen dute, txostenaren arabera. Hala ere, diru-sarrera guztiak kontuan hartuta, sektoreko langileetako asko pobrezia-tasaren azpitik daude. %32koa da portzentaia hori EAEn.
Emakumeak dira, bestalde, egoera gordinen jasaten dutenak. Langabezia-tasa bost puntu altuagoa da emakumezkoetan (%60). Walter Actis soziologoak jakinarazi duenez, soldatari dagokionez EAEn generoaren araberako bereizketarik egiten ez bada ere, "emakumezkoak egoera okerragoan daude, sistematikoki lana aurkitzeko aukera gutxiago dutelako".