Arabako bertsolaritzari beste «astindu» bat emango dio kuadrilla arteko lehiak

296 parte hartzaile izango ditu aurtengo txapelketak; finala martxoaren 24an jokatuko da, Aramaion

Arabako Kuadrilla Arteko Txapelketan parte hartuko duten taldeen ordezkariak, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARP.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Araban bertsozaletasuna hedatu, bertsogintza herrikoiaren eredua zabaldu, bertso eskolak bultzatu, eskolen inguruan dauden pertsonak zein pertsona berriak erakarri... Muga oso goian jarri du Arabako Bertsozale Elkarteak aurtengo Kuadrilla Arteko Txapelketan, baina aurreko urteetako lanaren emaitza eta sentipenen eta zenbakien babesa dituzte helburu horiek jartzeko. «Duela bi urteko kuadrilla txapelketa egitean, harritu gintuen izan zuen tamainak», gogorarazi du Juan Mari Juaristi Arabako Bertsozale Elkarteko presidenteak, eta 2012an ere Arabako bertsolaritzari «astindu» bat emateko asmoa dute.

Aurten, 2010ean hasitako formatu aldaketari helduko diote. Kuadrilla arteko txapelketa egingo du Arabako Bertsozale Elkarteak 2012an, eta buruz buruko txapelketa datorren urtean antolatuko dute. Taldekako txapelketak bertsotan hasi nahi dutenei edota hasiberriak direnei lagun talde batekin abesteko aukera ematen die, eta buruz buruko txapelketak ematen ez duen babesa ematen du. Bertsolariei oholtzan trebatzeko aukera emateaz gain, gai-jartzaile, epaile eta bertsolaritzan zeresana duten bestelako pertsonek ere eskarmentua pilatzeko eta harrobia indartzeko ere baliagarria da txapelketa.

Txapelketa bi multzotan banatuko dute aurten. Alde batetik, buruz buru lehiatuko diren taldeak daude; hamabi talde daude bertan, bertsolariez gain epaile, gai-jartzaile, audio grabatzaile, trikitilari, argazkilari, kronikari eta bideo grabatzaileek osatuak. Bestetik, txapelketa idatzian parte hartuko duten taldeak daude; 24 dira guztira, eta Arabako eskualde guztiek ordezkapena dute bertan. Bi txapelketen artean 296 parte hartzaile izango dira, duela bi urte parte hartu zutenen halako bi baino gehiago.

Bi hilabete, hamaika saio

Horrenbeste parte hartzaile egotearen ondorioz, Aramaion jokatuko den finalera arte (martxoaren 24a) erritmoa izango du txapelketak. Buruz buruko txapelketan parte hartuko duten taldeak hiruna kuadrilla duten lau multzotan banatu dituzte. Hiru kuadrilla horiek elkarren artean lehiatuko dira otsailaren 3tik 5era arte. Eta ligaxka moduan 10ean, 11n, 24an eta 25ean. Multzo bakoitzeko lehen sailkatua finalerdietan sartuko da.

Lehen finalerdia Zigoitian jokatuko da, martxoaren 10ean. Gasteiz-Aiaraldeko multzoko irabazlea Gasteizko multzoko irabazlearekin lehiatuko da, 17:30ean. Bigarrena Zuiako multzoko irabazleak eta Lautadako irabazleak jokatuko dute, martxoaren 11n, Araian. Bi irabazleek martxoaren 24an egingo dute topo, Aramaion, final handian. Bertso saioa 17:30ean izango da, baina ekitaldiak antolatuko dituzte egun osoan.

Bestalde, txapelketaren aurkezpenean Ekaitz Samaniego gogorarazi du Juan Mari Juaristik. Duela aste bat atxilo hartu zuten gazteak 2007tik parte hartzen zuen Arabako bertsolari txapelketetan. «Balorazio politikoak alde batera utzita, maite dugun kide bat da, eta gurekin beharko luke hemen egon».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.