2012ko aurrekontuetan Gasteizko udalak esan zuenez, akats baten ondorioz hautsi zuten elkartearekin zuten hitzarmena. Ordutik elkartea beste alderdiekin negoziatzeko trukerako txanpon bezala erabili duela salatu dute. Udalaren aldetik, gainera, inolako komunikazio ofizialik ez dutela jaso kritikatu dute, eta hedabideen eta alderdi politikoen bidez jakin dutela itunaren haustura.
Azken 32 urteetan, bertsolaritza euskararen berreskuratze prozesuan funtsezkoa izan dela nabarmendu dute. Ituna hautsita, baina, Arabako Bertsozale Elkartearen Gasteizko proiektua jokoan dagoela ohartarazi dute. Besteak beste, bederatzi ikastetxetan 900 haurrekin martxan duten “Gu ere bertsotan” proiektuari jarraipena emateko zailtasunak izango dituztela adierazi dute elkartetik.