Arabatakadan Berri Txarrak, Esne Beltza, Zea Mays eta Governors ariko dira bihar

Herri unibertsitatea eta euskalduna aldarri duen jaialdian joko dute, Mendizabalako zelaietan, Gasteizen

Esne Beltza taldeko kideek joko dute bihar Mendizabalan. - / BERRIA.
Ainhoa Sarasola.
2011ko martxoaren 31
00:00
Entzun
«Unibertsitate euskaldun eta herritar baten aldarria lau haizeetara zabaltzeko» asmoz, Arabatakada jaialdia antolatu dute, bederatzigarren urtez, Arabako unibertsitate ikasleek. Egun osoko festa prestatu dute biharko Gasteizko Mendizabalako zelaietan eta, besteak beste, kontzertu sorta zabal batez gozatzeko aukera izango da17:00etatik aurrera. Berri Txarrak, Zea Mays, Governors, Esne Beltza —bere ikuskizun berriarekin—, Mendeku Itxua eta Tximeletarekin osatu dute ikasleek jaialdian ariko diren taldeen multzoa. Horiekin batera, aurtengo maketa lehiaketaren irabazleak joko du: Skasti taldeak. Goizaldera arte iraungo du kontzertuak, baina aurretik ere izango da ekitaldirik Mendizabalan.

Goizeko hamaiketan hasiko da festa, ikasleen arteko olinpiar jokoekin. Gasteizko campuseko ikasleek osatutako hamalau taldek eman dute izena jada. Beraz, 140 parte hartzaile inguru espero dituztela azaldu du jaialdiko antolatzaileetako batek, Ander Solozabal bertsolariak. Herri bazkaria egingo dute ondoren, eta gero bertsotan ariko dira Solozabal bera, Miren Amuriza, Ekhi Erremundegi eta Unai Gaztelumendi.

Urterik urte jaialdia aldatuz eta handituz joan dela azaldu du Solozabalek. Lehen urteetan Arabako campusean bertan egiten zen, eta «bertako ikasleen bilgune bat» zen. Duela hiru urtetik, Mendizabalara aldatzearekin batera, mezu «zabalagoa» du jaialdiak, eta unibertsitate euskaldun eta herritarra eraikitzearen beharra dute aldarrikapen. Mezua zabaldu den bezala zabaldu da jaialdia, Euskal Herri osoko jendea erakartzea lortu baitu azken urteotan.

Aurten ere hala izango dela dirudi. Izan ere, jaialdiari eusteko, gutxieneko sarrera bat ezarri zuten ikasleek, eta Gasteizko campusean ez ezik, Euskal Herri osoko hainbat taberna zein elkartetan eta Interneten 6.000 txartel jarri zituzten salgai. Den-denak amaitu dira dagoeneko, eta, beraz, Arabatakadaren «arrakasta erabatekoa» izango dela azaldu du Solozabalek. Txarteldegian, 10:00etatik 16:00etara, beste mila sarrera inguru egongo dira bihar, 12 euroan.

Gaur ere giroa berotzeko festa

Arabatakadarako giroa berotuz joateko, beste kontzertu bat prestatu dute gaurko antolatzaileek. Cobra eta Trumbo rock taldeek Gasteizko Jimmy Jazz aretoan joko dute 21:00etatik aurrera.

Thriller bigarren lana aurkeztuko du bertan Cobrak. Trumbo Gasteizko taldeak, berriz, argitaratu berri duen lehen lana emango du ezagutzera. Arabatakadarako sarrerak zozketatuko dituzte kontzertuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.