'Loreak' filmeko aktore protagonistetako bat da Nagore Aranburu. "Lan asko egin genuen filmean. Orain, harrera ikusita, oso pozik gaude. Eta sariren bat iristen bada, ba, oso pozik hartuko dugu". Filmeko ekoizle eragilea Aitor Arregi da. "Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzea eta estreinaldi egunean bizi izan genuena bizi ahal izatea sari handia da jada". Arregik berak 'Zarautzen erosi zuen' film laburra zuzendu du. Aranburu da aktore protagonista. Hain justu, Aranburuk arropa denda baten jabearen rola jokatzen du filmean, eta, egiaz, Gros auzoan denda bat du Aranburuk. "Gidoia pasatu zidatenean barrez hasi nintzen, denda hartu berria bainuen. Arregiri kontatu nionean ere barrez aritu ginen". Film laburra amaitu berritan, Arregi dendaren kanpoan gelditu zen bost minutuz Aranbururi begira. Bizitzako kasualitateak.
Gaurko saioan, Koldo Almandoz elkarrizketatu dute. 'Garai berriak' film laburrarekin Kontseiluaren 'Euskaraz bizi nahi dut' lehiaketa irabazi du. Halaber, 'Hubert le Blonen azken hegaldia' film laburra estreinatu du Zabaltegin. "Gaur, belodromoan emango dute 3.000 pertsonen aurrean. Sekulakoa da hori".
Saioa amaitzeko, Sail Ofizialari begiratu bat eman diote Gontzal Agote (BERRIA) eta Peru Olaberria (Zart) kritikariek.
Bihar ere saioa egingo dute 'Zurriolako butaka'-ko taldekoek. Sariak komentatuko dituzte programa berezian. 17:00etan hasita ikusi ahalko da BERRIAren webgunean.