literatura

Arantxa Urretabizkaiak '3 Mariak' nobela plazaratu du, bere "eleberririk autobiografikoena"

Protagonistak 80 urteko hiru emakume dira, baina ez daude atzera begira. Urretabizkaiak 1998an argitaratu zuen bere azkeneko liburua: 'Koaderno gorria'.

gorka erostarbe leunda
2010eko azaroaren 18a
14:34
Entzun
Hiru emakume "zahar" dira Arantxa Urretabizkaiaren 3 Mariak (Erein) nobelako protagonistak. 'Zahar' hitz hori erabili eta aldarrikatu nahi izan du, gainera, liburu berrian: “Liburuaren bereizkuntza nagusia, seguru aski, protagonisten adina da; 80 urte inguru dute nobelaren hasieran. Zaharrak dira eta hitz hori erabiltzen dute beraien artean, leungarririk gabe, ez 'hirugarren adin', ez ezer”.

Arantxa Urretabizkaia 1947an jaiotakoa da; beraz, 60ak pasatxo ditu. Hala ere, bere “eleberririk autobiografikoena” dela azaldu du. Izan ere, liburuko hiru emakumeak ez daude atzera begira, ez daude bizi izandakoari begira. Unea bizitzen saiatzen dira, egilearen hitzetan. “Ez da nik bizi izandakoa, baina bai nik bizi nahiko nukeena zahartzaroan”, zehaztu du.

Koaderno gorria (1998) nobela argitaratu zuenetik libururik idatzi gabea zen Urretabizkaia. Aurrez, Zergatik panpox (1979), Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik (1982) etaSaturno (1987) idatzi zituen. Azken urte luzeetan kazetaritza lanetan dihardu Urretabizkaiak. Denbora duenean idazten omen du literatura. Azken zortzi urteetan idatzi du, apurka-apurka, 3 Mariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.