Hamalau apostolu daude Arantzazuko santutegian. Atearen gainean, alderdik alde. Jorge Oteizak egindakoak dira apostoluak, baina, 15 urte baino gehiago egon ziren beren lekura iritsi ezinik, debekuak tarteko. Gertaera horretatik abiatuta, Arantzazuri buruzko dokumentala egin du Nabarraldek, "Gipuzkoako basilika nagusiak memoria leku bezala duen garrantzia azpimarratuz".
Angel Rekalde Nabarraldeko zuzendariak azpimarratu du Arantzazu "memoria leku garrantzitsu bat" izan dela. "Bere oinarriak, harriz harri, artearen eta kulturaren gain eraiki ditu, eta batez ere, herriarekiko konpromisoa erakutsi du". Garai hura jasotzen du dokumentalak, "Artea eta euskara, kultura oro har, euskaldunen babesleku bilakatu zireneko garaia, hain zuzen".
Arantzazu, harriz herri dokumentala ostegunean estreinatuko dute, 19:30ean, Hernanin (Gipuzkoa), Orona Ideoko auditorioan. Euskaraz emango dute, gaztelerazko azpitituluekin. Miren Mindegiagak egin du dokumentaleko gidoia eta Jesus Iriartek errealizazioa. Elkarrizketatuen artean daude Juan Ignazio Larrea goardianoa, Elena Martinez Oteiza Fundazioa Museoko kontserbatzailea eta Pello Zabala fraidea.