KRITIKA. Artea

Arazo sinbiotikoak

Txaro Marañonen hainbat pieza, 'Sinbiosia' erakusketan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Txaro Marañonen hainbat pieza, 'Sinbiosia' erakusketan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
2024ko martxoaren 12a
05:00
Entzun

'SINBIOTIKA'

Artista: Txaro Marañon. Non: Cristina Enea fundazioa, Donostia. Noiz arte: Martxoaren 17ra arte.

Badut lagun bat, irratian erakusketaren bati buruz ezer entzuten duenetan, Interneten haren inguruko esteka bat bilatu eta bidaltzen didana; bereziki, niretzat interesgarria izan daitekeela pentsatzen duenean. Orain dela gutxi, «uste dut interesatuko zaizula» idatzizko mezu batekin, Cristina Enean dagoen Txaro Marañonen erakusketaren inguruko informazioa bidali zidan; zeramikarekin egindako piezek protagonismo nagusia duten mostrarena: Sinbiotika. Izan ere, lagunak bazekien iaz, nire inguruko beste hainbat bezala, zeramika tailerretara apuntatu nintzela, terapia gisara edo. Eta asmatu zuen. Interesa piztu zidan, eta, proposamenari men eginez, bertaratu nintzen, euri, haize eta kazkabar artean.

Erakusgai zeuden piezen materialaz gain, erakusketan jorratzen zen gaiak ere piztu zidan arreta. Gizakion eta naturaren arteko harremanen lanketan oinarritzen zen mostra omen zen, ikuspuntu ekologistatik hurbil kokatzen zena. Azpeitian ikusitako Jonathan Escaparen erakusketak ere bazuen honetatik zerbait, nahiz eta gaiak berak eta proposamenen helburuak berberak ez izan. Baina haien muinean kokatzen ziren hurbileko kezka haiei belaunaldi ezberdinek nola heltzen zieten alderatzeko aukera eskaintzen zidan Marañonen erakusketa bisitatzeak, eta, hala, interes eta kuriositate bikoitzarekin inguratu nintzen.

Gizarteak sortutako hondakinek naturan eragiten dituzten ondorioez hausnarketa sortzeko asmoa du artistak, eta hortik dator erakusketaren izena, Sinbiotika, modu ironikoz jarria, esango nuke. Hain zuzen ere, tituluak sinbiosia hitzari egiten baitio zuzenean erreferentzia, eta hau, elkarren onura erdiesten duten organismoen arteko erlazio edo asoziazioa litzateke. Ironia hori beheko solairuko eskulturetan antzematen da bereziki, modu jolastian, Marañonek munduko hainbat hondartzatan topatutako plastikozko zenbait hondakin txertatu baititu zeramikaz sortutako itsas animalia ezberdinetan: batzuk bistara utziz, besteak ezkutuan gordez.

(ID_13447663) (Gorka Rubio/@FOKU) 2023-12-23, Donostia. Txaro Marañonen erakusketa: \
Txaro Marañonen hainbat pieza, Sinbiotika erakusketan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU

Lau hamarkada daramatza Marañonek zeramika lantzen, eta hori aretoko piezetan antzematen da. Buztinaren lanketarako duen trebezia begi-bistakoa da tekniken menderaketa bikainarekin batera, lanen gainazaletako testura eta bolumenen emaitzetan nabarmentzen direnak; baita esmalteen erabileran ere, kolore, dirdira, ñabardura eta kontraste esanguratsu eta deigarriekin. Oro har, piezak zoragarriak dira, eta bakoitzaren xehetasun eta detaile bakoitza aztertzen eta arakatzen minutuak pasatu daitezke; are gehiago, teknika horiek menderatzearen zailtasunez pixka bat ikasi ostean.

Lehen aretoan piztutako interesa, ordea, apalduz joaten da instituzioko goiko bi aretoetan. Erakusketa-testuan agertzen diren ideien eta piezen arteko koherentzia galtzen hasten da, sinbiosiaren kontzeptua desagertuz doa, eta erakusketaren ideiarekin nekez lotzen diren piezen multzokatzeekin egiten duzu topo, hauek erakusketaren testuinguruan izan ditzaketen irakurketak nekez eginaz. Areto bakoitzak ia erakusketa autonomo bat dirudi.

Haustura hau, hautatutako piezetan lantzen diren gaien bidez ez ezik, piezen instalazioetan ere antzematen da. Cristina Eneko goiko aretoak ez dira erakusketak egiteko leku errazak, azken finean etxe bat izan zela gogorarazten duten hainbat elementu oso presente baitaude oraindik ere: balkoietara irekitzen diren beirazko hainbat ate eta gelak berotzeko erabilitako marmolezko tximiniak, esaterako. Eta elementu horiek bertan daudenez, horiekin ere erakusketa orok sinbiosia lortu beharra dauka; alegia, espazioaren eta instalazioaren arteko elkar-eragite onuragarria. Honetan, ordea, ez da halakorik erdiesten; protagonismo ikaragarria hartzen baitute etxeko elementu horiek, eta erakusgai dauden piezak haien artean galduta gelditzen dira. Horri, gainera, gehitu behar zaio instituzio horrek erakusketak egiteko garaian errekurtso eskasak eskaini ohi dituela. Eta, tamalez, gabezia horiek guztiak, instalazio aldetik agian egokienak ez ziren erabaki batzuekin nahastuta, mostra honetan agerian gelditu dira.

Instituzioko eskailerak jaitsi eta zehar-begiradan hasiera goxoa eman zigun lehen areto hari atzera begiratuz agurtu nuen erakusketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.