Arbelari begira

Zubiak

Beñat Gaztelumendi.
2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Bihotz, buztinezko bihotz, etxe txiki bat zara; ahula, hauskorra, lau gelatako», kantatzen zuen Mikel Laboak. Kantatzen digu Mikel Laboak. Eta buztinezko bihotza harturik bere ahotsaren forma eman zion, bere Lekeitioz koloreztatu zuen, eta labean sartu. Eta antzinako bihotza zenak irauten du gaur egun ere, baina ez sortu zenean bezala. Garaiek eta ahotsek jantzi dute. Eta belaunaldi bati baino gehiagori lotu. Izan ere, kantuek, poemek eta musikak zer pisu daukate gure identitatean?

Ibon Rodriguezek Mikel Laboa zubi moduan aurkeztu zigun asteazkenean. Garaien arteko zubi bezala. Musika tradizionalaren eta garaikidearen arteko zubi bezala. Poeta garaikideen eta herriaren arteko zubi bezala. Horiek eta zubi gehiago ere eraiki zituen Mikel Laboak, bi ezaugarritatik abiatuta: askatasunetik eta aurreiritzirik ezetik. Sortzaile batentzat ezinbestekoa da askatasun ideologikoa. Baina, askatasun ideologikoak ez du konpromisorik eza esan nahi; Mikel Laboa artista konprometitua izan baitzen bizi zituen garaiekin. Esan nahi duena da doktrina ideologikoekiko askatasunez sortu zuela, baina bere ideiekin beti leial izanez. Ondo pentsatutako ibilbide batek soilik bihurtzen baitu artista bat zubi; urteroko azoken eta disko-aurkezpenen gainetik dagoen lan koherenteak. Eta, aldi berean, mundua ikusteko modu pertsonal batek.

Merkatuak izar bihurtzea ez zelako zaila izango. Izan zitekeen kantu zaharren interprete. Edo izan zitekeen unean uneko poeten hitzen musikari. Izan zitekeen esperimentu huts. Euskal Kanta Berria sortzeko lanean aritzea erabaki zuen, ordea. «Ilun, ez da dena ilun, begira ezazu leihotik, ikus ezazu baso hori, berdetzen». Kanpoko eraginak ekarri zituen gurera, eta hori ez zen denen gustuko izan hasieran. Izan ere, non dago folklorismoaren, kulturaren eta kanpokoaren kopia izatearen arteko muga?

Orain dela bi urte joan zen Mikel Laboa, eta asteburu honetan joan da Xabier Lete. Biek egin zuten lan gure iraganageroratzen. Gaur egunetik begiratuta miresgarria da Ez dok Amairu taldearen moduko ahalegin bat. Urteroko salmentek baldintzatutako merkatuan topagune gutxi baitauzkate kulturgileek. Xabier Letek eta Mikel Laboak asmatu zuten beraien lanak kantu herrikoi bilakatzen. Badirelako artista batzuk espazioaz gain denbora ere gainditzen dutenak. Gero etorriko direnen akordeetan eta kezketan iraungo dutenak.

Baina, zergatik hildakoan soilik agertzen dira egunkarietako lehen orrietan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.