“Jenio indibidual handien sasoia izan zen Manierismoa, eta sasoi hartako artistarik originaletako bat da Giuseppe Arcimboldo. Halere, denbora luzez bidegabeki ahaztua izan zuen kritikak, harik eta XX. mende hasieran, arte garaikideari esker, berriz deskubritu zuten arte”. Loratze eta ximeltze prozesu baten pare deskribatu du artistaren bilakaera Miguel ZugazaBilboko Arte Ederren museoko zuzendariak. Loretan XVI. mendean, eta ximel hurrengo mendeetan. Halere, gaur egun ikono bilakatuak dira sortzailearen fruta, barazki eta animaliaz osatutako erretratu irudimentsuak, surrealisten eta dadaisten oihartzunari esker berpiztu baitziren. Orain, artista haren jatorrizko hiru lan abiapuntu hartuta, erakusketa osatu dute museoan: Arcimboldo. Florak eta Udaberria. Otsailaren 5era arte egongo da zabalik.
Txikia da Arcimboldok utzitako artelanen kopurua, eta txikia da, ondorioz, artistari Bilbon eskainitako erakusketa ere. Hiru areto baino ez ditu hartzen, antzinako arteari eskainitako gunean, eta, Arcimboldoren jatorrizko hiru lanekin batera, beste 11 koadro biltzen ditu, guztira. Adituek Arcimboldoren jatorrizko 30 lan baino ez dituzte identifikatu, ordea, eta haietako hiru Bilbon ikusgai jartzearen garrantzia azpimarratu du Zugazak. “Artistaren lanaren %10 inguru da hemen ikus dezakeguna”.
Milanen jaio zen Giuseppe Arcimboldo, 1526an, Leonardo Da Vinciren inguruan ibilitako artista familia batean. Eta bere ibilbidea margolan errealistak egiten hasi bazuen ere, barazki, fruta eta bestelako elementuz osatutako erretratu irudimentsuek eman zioten sona. Oso estimu handitan ziren haren lanak, eta imitatzaile sorta izan zuen. Hura heltzerako jadanik hasia zegoen margolanak sortzeko modu hori, baina bikaintasuneraino eraman zuen teknika, eta lehen lerroko sortzaile bilakatu zuen horrek bere garaian. Gero etorri zen ximelaldia, eta XX. mendean berreskuratu zuen sona. Surrealismoaren aurrekari gisa hartu izan dute maiz, horregatik.
Mitoaren aurka
Baina, hain zuzen ere, mito hori eraisten saiatzea du helburu Bilboko Arte Ederren museoan jarri duten erakusketak. Izan ere, bere garaiko testuinguruari estuki lotutako artista izan zen Arcimboldo. Orduko zientzia aurrerapenen oihartzuna igar daiteke bere xehetasunarekiko zaletasunean, eta argia da orduko geopolitikaren eragina ere. Amerikara heldu berri ziren Europako inperioak sasoi hartan, eta lurralde hartatik ekarritako fruituak ere txertatu zituen artistak bere margolanetan. Eta bere garaikidetasun hori azpimarratzeko Arcimboldoren garaian argitaratutako hainbat botanikari eta arteari buruzko hainbat tratatu ere jarri dituzte ikusgai azken aretoan.
Arcimboldoren hiru originalez aparte, haren beste bi lanen “maila handiko” bi kopia ere biltzen ditu erakusketak: Negua eta Udazkena. Eta horiez gainera, artistaren zeharkako eta zuzeneko babesle izan ziren Espainiako gorteko kideen lau erretratu ere bildu dituzte, eta baita loreak ardatz dituzten Arte Ederren Museoaren funtsetako beste bost artelan ere.
80 lore espezie
Azken aretoan, pantaila ukigarri erraldoi bat ere jarri ute. Arcimboldoren artean sakontzeko aukera eskaini nahi izan dute harekin museoko arduradunek. Erakusketako artelanei buruz egindako ikerketa lana biltzen duen katalogoa ere argitaratu du museoak. Gazteleraz daude testu guztiak paperezko edizioan. Botanikari eta biologoekin elkarlanean aritu dira arte historialariak hainbatetan. “Koadro batean 80 landare espezie identifikatzera heldu gara”, zehaztu du Jose Luis Merino proiektuaren zuzendariak.