JOSU AMEZAGA
EHUko irakaslea
«Kezkagarria iruditzen zait Kultura sailburuordea euskalduna ez izatea»
1. Azken zortzi urteetan egon den taldea kultur politikarako ildo estrategiko batzuk ezartzen saiatu da -Kulturaren Euskal Plana, adibidez-, ildo eztabaidagarriak diren arren. Telebistarenean, tokiko telebisten arauketa aurrerapauso txiki bat izan da, baina egiteko garrantzitsuenak egin gabe geratu dira: ikus-entzunezkoen kontseilua eta legea, telebistaren arloa arautzeko eta zaintzeko. Europa osoan horrelakorik ez duten bakarrak gara EAEkook. EITBren lege berria ere ez da egin, kontrol alderdikoi zuzenetik askatu ahal izateko, eta Euskal Herriko errealitate linguistiko berriei erantzuteko (jadanik herritarren erdiek baino gehiagok ulertzen dute euskara). Hutsune nabarmenak dira, sortu zenetik telebistak aurrean izan duen erronkarik handienaren garaian: digitalizazioa.
2. Jakin dezala euskal kultura eta euskara, Europako kultur ondare garrantzitsuenetakoak izanik, balioesten, eta horren arabera konplexurik gabe joka dezala. Eta kulturak pertsonen eta jendartearen garapenean duen lekuaz ohartuta joka dezala; kontsumogai, entretenigarri edo inbertsio-erakargarri gisa ikusten duten ikuspegiak gaindituta.
3. Telebistari dagokionez, eta EITBren Legea aldatu ez denez, bidea zabalik utzi da orain arteko eskemarekin jarraitzeko: irrati-telebistagintza publikoa Gobernuan dagoen alderdiaren tresna izatea. Hartara, gerta liteke aldatuko den bakarra informazio politikaren kolorea izatea.
Hizkuntza politikari dagokionez, ez dakit gauzak asko aldatuko diren, euskararen aldeko jendarteko jarrerak oso sustraituta daudelako, eta orain arte ezagutu dugun apurrak (izendapenak) horrelakorik iradokitzen ez duelako. Baina kezkagarria iruditzen zait Kultura sailburuordea [Antonio Rivera] euskalduna ez izatea. Ardura hori bere herriko kultur unibertso oso bat ezagutzen ez duen norbaiten esku uztea ez litzateke beste inon ulertuko, eta nik ez dut ulertzen.
JULEN AREXOLALEIBA
Euskal Kulturgintzaren Transmisioari buruzko Graduondokoaren arduraduna
«Aplika ditzala EAEnPSCk Generalitatean darabiltzan irizpideak»
1. Euskal Herritik kanpora ibili naiz ni azken hiru ikasturteotan. Ezin, bada, iritzi sakonik eman. Edozein modutan, ebidentzia bat bai: edukiontziak eraikitzen diru eta energia gehiago gastatu dute, euskaraz bideratzen den kulturari hauspoa ematen baino.
Kulturaren Euskal Plana martxan jarri da, eta hori berez da ona. Ez da horren ona, ordea, plan horretan euskaraz garatzen den kulturari aitortzen zaion begirunea: oso modu periferikoan, desitxuratuta eta erdigunerik gabe ageri da EAEn garatzen den kultura diglosikoaren matazan.
2. Begira dezala Katalunia aldera, aplika ditzala EAEn PSCk Generalitatean darabiltzan irizpideak. Laburbilduz, ahalegindu dadila euskaraz bideratzen den kultura eskaintza areagotzen, eta ez dadila mugatu, besterik gabe, erantzuten nola edo hala aurretiaz dagoen eskaerari.
Eskatu ahal zaie, era berean, ez dezatela gaztelania inposatu era esentzialistan. Badira euskaldun batzuk gobernu berrian. Euskaldun ez ezik, euskaltzale ere jokatzen badute, euskaldun izatera iritsi ez diren gainerako sailburuen euskaltzaletasunean ere eragin lezakete.
3. Ikuskizun dago hori. Legegintzaldian, unean uneko botere erlazioaren araberakoak ere izan daitezke aldaketa horiek.
Zilegi bekit beste galdera batez erantzutea: zer aldatu da Donostian alkatetza EAJren eskutik PSErenera pasatu zenetik?
MIREN ERASO
Artelekuko zuzendari artistiko ohia
«Programa kontserbadoreaedo populista bultzatu ordez, joka dezala ausart»
1. Kulturaren Euskal Planaren barnean arte bisualen mahai sektorialak egin duen lana garrantzitsua iruditzen zait. Besteak beste, eskatu diren zenbait txostenen emaitzekin (Gure Arte, arte bisualen kultur politikarako eszenatoki berriak, artearen hezkuntza, artisten ordainsariak) kultur politika berri bat planteatzeko aukera izango delako. Baina kulturaren kudeaketari dagokionez, gardentasun eta arduraren faltaigarri dut, batez ere Guggenheimen aferak izan duen tratamenduan.
2. Aurreko Kultura Sailak kultur politika aztertzeko martxan jarri dituen proiektuak eta lan taldeak kontuan izan ditzala. Kultur programak aztertzerakoan kalitatea, aniztasuna eta ebaluazioa sar ditzala adierazle moduan, eta kulturaren konpetentziak gobernu maila desberdinen esku daudenez, bultza ditzala kolaboraziorako ekimenak. Eta, azkenik, krisi garaian tentagarria izan daitekeen kultur programa kontserbadore edo populista bultzatu ordez, joka dezala ausart.
3. Denbora beharko dugu ikusteko zeintzuk izango diren bultzatuko diren ildoak. Bitartean, kontuan izan beharko dugu egungo gizartean kultura kontzeptua aldakorra dela, dabilen harria bezala, eta gizarteari dagokiola kultura eraikitzea. Horri lotuta, gizartearen parte-hartzea areagotzeko eskatuko nioke.
JORGE GIMENEZ
Euskal Editoreen Elkartea
«Garrantzitsua izango litzateke lankidetzarako ahaleginetan sakontzea»
1. Azken legegintzaldian gure sektoreari zein besteei eragin dien tresna baliagarria jarri du mahai gainean Jaurlaritzak: Kulturaren Euskal Plana. Zehaztasun falta eta norabide okerra egozten dioten kritikak gorabehera, parte-hartze zuzenerako modua eskaini du. Kultur politiketan ezinbestekoa den adostasuna lortzeko pauso sendoa izan da. Edukiari buruz egon daitezkeenzalantzak alde batera utzita, lanabes eraginkorra dela uste dut.Akaso, luzeegi jo du, baina azkenean euskal liburugintzari dagokion politika goitik behera berraztertzeko konpromisoa hartu dugu. Hizkuntza politikari dagokionez, ontzat jotzen dut, bereziki Euskara 21 deritzon eztabaida mamitsu eta zabala.
2. Aurrekoak mahai gainean jarritako lanabes horiei jarraipena emateko eskatuko nioke. Ez dut uste inork uko egin behar dionik bere jarrera politikoari; logikoa iruditzen zait gobernu berriak aztarna uztea. Baina garrantzitsua izango litzateke orain arte lankidetzarako, partaidetzarako eta adostasunerako egin diren ahalegin horietan sakontzea eta aurrerapausoak ematea. Ez dut eskatzen jarraipena emateko, orain arteko adostasun espirituarekin lan egiteko baizik.
3. Elkarren oso ezberdinak diren hiru elementu ikusten ditut. Inbestidurarako akordioa irakurrita, beldurtu egin nintzen, ez zitzaidalako iruditu gobernu demokratiko eta osasuntsua eratzeko oinarriak jasotzen zituenik. Lopezen hitzaldiak, ordea, ez zuen izan zerikusi handirik akordioaren edukiarekin. Hala ere, zehaztasunik gabeko hitzaldia izan zen. Aldaketa iragartzen denean, aldaketa zertan gauzatuko den zehaztu behar da, bestela mamuak sortzen dira. Eta, azkenik, izendapenak daude. Zuhurrak dira. Ez dira markatuegiak, behintzat. Kultura sailburua [Blanca Urgell] eta Hizkuntza Politikarako sailburuordea [Ramon Etxezarreta] euskaldunak ez ezik, euskaltzaleak dira. Itxaron beharko da, baina ez dirudi inbestidurarako akordioa berresten duten izendapenak direnik.
MARINO GOÑI
Euskal Herriko Diskoetxeen Elkartea
«Aurreko Jaurlaritzakhasitako lanari segidaemateko eskatzen diogu»
1. EHDEn balantze ona egiten dugu. Ez bakarrik azken lau urteez, baizik eta azken bi legegintzaldiez ere bai. Kulturaren Euskal Planaren bitartez heldu die sektoreko arazo, gabezia eta erronkei. Lehen aldiz gertatu da halakorik. Hutsetik gentozen, ez ginen inoiz halakorik eginak. Musikarekiko interesa agertu du, eta, iritziak gorabehera, bide bat egin ahal izateko oinarriak finkatu ditugu elkarrekin. Ikusi beharko dugu egindako lana zuzena den; praktikak esango digu paperean landutakoak zerbaitetarako balio duen. Dagoeneko igartzen da zerbait mugitu dela.
2. Gutxien-gutxienez, aurreko Jaurlaritzarekin hitzartutako oinarrizko ildoak errespetatzeko eskatzen diogu. Arau batzuen arabera lanean ari den kultura eta industria egitura bat dago hemen, eta azken urteetan eginiko lana ontzat jotzea eta aurrera egitea gustatuko litzaiguke. Kulturari dagokion erabaki gisa kontuan hartu beharko litzatekeela uste dugu, eta ez hainbeste erabaki politiko modura. Aurreko Jaurlaritzak hasitako lanari segida emateko eskatzen diogu.
3. Ezinezkoa da jakitea zer gertatuko den. Nolanahi ere, gauza bat argi utzi nahi dugu: elkarlanerako gonbita egiten diogu Jaurlaritza berriari, akordioetara heltzeko eta hasitako bidean urrats gehiago egiteko.
PELLO GUTIERREZ
Euskadiko Produkzio Eszenikoen Elkartea
«Krisialdi ekonomikoariaurre egiteko, tratamendu berezi bat behar dugu»
1. Kulturaren Euskal Planak dinamika berri bat zabaldu du. Hori dela eta, sortzaileek eta arte eszenikoetako sektore pribatuek etorkizuneko kulturgintza diseinatzeko aukera izan dugu. Bestalde, ordea, egitasmoak gauzatzea luze egin dela esan behar da.
2. Hasitako lankidetza bidetik jarraitzeko. Arte eszenikoek dituzten erronkak guztionak dira, eta irtenbidea bilatu beharko diegu instituzioen eta eragile pribatuen artean. Zeregin handia dugu mahai gainean: EAEko Ikusle Plana, Kanpo Sustapenerako Plana... Hausnarketa estrategiko baten prozesu bat zeharkatu dugu azken urteotan. Gaur argiago ikusten dugu aurrerako bidea, eta teoriak eta proiektuak gauzatzeko garaian gaude, horretarako arriskuak hartu behar badira ere. Baina, bereziki, gaur premiazkoena ondokoa da: krisialdi ekonomikoari aurre egiteko laguntza. Garenera egokitutako tratamendu berezi bat behar dugu, beste hainbeste sektorek duten bezalaxe.
3. Ekoizpen eszenikoko enpresen ordezkari garen aldetik, ideologien gainetik eta sektore osoaren onerako, instituzioekin elkarlan aurrerakoi batean sartzeko prest agertuko gara beti, alde biak behartuta baikaude. Etorkizunak erakutsiko digu bere garaian zein eta nolakoa izan den aldaketa.
LAURA MINTEGI
Idazlea eta Euskal PEN Klubeko burua
«Kultura ez dadila izansenide pobrea aurrekontuetan»
1. Oro har, kudeatzaile politikoek eta kulturgileek zaila dute elkar ulertzea, abiapuntua, modua eta helburuak errotik ezberdinak dituztelako. Kudeatzaileen abiapuntua da kultura politika bat diseinatzea, horretarako arau batzuk ezartzea eta xedea da prozesua kontrolpean edukitzea. Kulturgileen abiapuntua da kulturaren jarduera politikoa izan daitekeela, bai, baina politikarien jardueratik askea dela; jarduerari ahalik eta arau gutxien ezarri behar zaizkiola eta kudeatzaileen zeregina ez dela kontrolatzea, baizik eta diru banaketa egitea irizpide aseptikoenak erabiliz.
2. Edozein gobernuri eskatuko niokeen gauza bera: kultura ez izatea senide pobrea aurrekontuetan, kontrol goseari muzin egitea eta diru laguntzen sistema perbertsoa aldatzea. Oraingo sisteman kopuru bat ezartzen da aurretik jakin gabe zeintzuk diren beharrizanak. Eskaera asko badago, orduan diru gutxiago ematen zaie talde gutxiagori. Iaz proiektu interesgarria zena aurten laguntzarik gabe gera daiteke, eskaera gehiago egon delako. Irizpidea ez da kulturgintzaren jarduera ekonomikoki erraztea, baizik eta eskatzaileen nahiak diruz isilaraztea.
3. Ikusteko dago. Batzuetan nahikoa izaten da esaten duten hori sinestea eta betetzea. Eta orain mintzatuko naiz Euskal PENeko lehendakari gisa. Kulturaren Euskal Planeko lehentasunezko jardueran esaten dena sinistu izan balute, atoan etorriko ziren aurrekoak (eta etorriko dira oraingoak) Euskal PENekin lankidetzan aritzera, hain zuzen ere beren helburu estrategikoak (begira 75. orrialdea) guk egin egiten ditugulako: «Kultur proposamenak Europan zehar zein nazioartean hedatu, euskal kultur produktuak kanpoan ezagutzera eman eta munduan zehar zabaltzeko sareak sustatu».
IÑAKI MURUA
Euskal Herriko Bertsozaleen Elkartea
«Ahozkotasuna garatzeko plan guztiak mantentzeko eskatzen dugu»
1. Aurkeztu ditugun proiektuak sakon eztabaidatu ditugu, eta adostasunak aurkitu. Zorionez, adostasuna izan da nagusi. Administrazioak oso interesgarritzat jo ditu, eta horregatik jaso dugu, gure ustez, lanari zegokion ordaina.
2. Euskararen aldeko diskriminazio positiboa egitea; ahozkotasuna garatzea plan guztiak mantentzeko eta erritmoak azkartzeko; aisialdirako alternatiba gisara onartzea euskarazko antzerkia, bertsolaritza... horiekin proiektuak sustatuz; euskara eta euskal kultura jorratzen ari diren/garen gizarte ekimenak aintzat hartzea ez ezik, indartu eta bultzatzea; hezkuntzan D ereduaindartzea EAE osoan; eta gobernukideek harremanak euskaraz burutzeko gaitasuna eskuratzeko lehentasuna hartzea.
3. Ez dut uste lehengo Gobernua ere erabat abertzalea zenik ala? Gobernua sozialista omen da, baina PPren baimenarekin jarri dira agintean. Zer bilakaera izango du baimen horrek? Zer baldintza jarriko dizkio epe motzean?
Gainerakoan, nik uste krisian erraza dela diru murrizketak justifikatzea edo aitzakiatzat hartzea eta, beti bezala, kultura eta hizkuntzari ken diezaieketela zatirik handiena. Administrazioak diruak egoki kudeatzeko, gizarte sareak aintzat hartuta jokatu behar lukeela uste dut. Gizarte apatikoa garatzen ari gara eta parte-hartzaileagoa izatekotan, arlo hori serio hartu behar delakoan nago. Bestela, Administrazioari limosna eske ari garen sentipena geratzen zaigu, eta gu behintzat ez gabiltza kudeatzaileei diru eske, ez, guk elkarlanerako proiektuak eskaini dizkiegu orain arte, eta ikusiko dugu aurrera ea zerk duen kabida.
FITO RODRIGUEZ
Euskal Idazleen Elkartea
«Sektorea bilduta, estrategia zehatz bat diseinatu behar da irakurzaletasuna bultzatzeko»
1. Oso harreman zuzena izan dugu, eta, harreman guztietan bezala, gorabeherak izan dira eta gauza asko gelditu dira bete gabe. Hezkuntza Sailarekin akordio berezi bat egin nahi genuen Idazleak Ikastetxeetan programari buruz, eta ez dugu lortu. Baina horretaz aparte, gure aldizkariei (Hegats eta Kalegats), guk sortzen ditugun liburuei eta Galeuscari lotutako hitzarmenik ez dugu egin.
2. Irakurtzeko zaletasuna da zintzilik dagoen gai garrantzitsu bat. Niretzat, eredugarria da Kataluniako Generalitateak irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko egin duen plana. Gobernu berriari nik hori eskatuko nioke, sektore osoa bildu eta estrategia zehatz bat, helburuak eta ebaluazioak egiteko. Izan ere, halako haustura baten aurrean gaude, eta plan berezi bat behar dugu behar bezala lan egiteko.
3. Elkarte modura ezin dugu iritzia eman. Elkarteak ez du ideologia politikorik, eta elkartearen zereginen artean eskubide profesionalak defendatzea edota euskal literatura zabaltzearen alde egitea ez daude horren baitan.
NATXO RODRIGUEZ
EHUko irakaslea
«Arte eta ikus hezkuntza birplanteatu beharko luke ikasketa planetan»
1. Arte eta ikus mintzairaren irakaskuntzan aparteko murrizketak ikusi ditugu lehenengo eta bigarren hezkuntzan. Atzerapauso ulertezinak izan dira. Eta aurreko krisialdi larria izan zenean, estrategikoki, proiektu kulturalak, arte garaikidearekin eta ikus- hezkuntzarekin lotuta zeudenak, izan ziren gizartearen motore...
Neurri handi batean, artearekin loturiko politika kulturalak ikuskizunaren ideiatik kudeatu dira; atentzio ia guztia erakustean oinarritu da, beste arte eremuak, produkzioa bera bezala, baztertuta. Ondorioak? Handien ondoan (Guggenheim, telebista...) proiektu eta ekimen txikiek, baita ertainek ere, oso zaila izan dute aurrera egiteko. Era berean, arte proiektuentzako diru laguntzen deialdiak edota bitarteko eraginkorrak ezin izan dira modu eraginkorrean optimizatu.
2. Arduraz jokatzeko, alderdien arteko jokoetatik urrun, eta, nolabait, aurrean aipatutako defizitak konpontzeko: ikasketa planetan arte eta ikus-hezkuntzarena birplanteatzea eta politika kultural eraginkorrak martxan jartzea, arte produkzioa eta kultur sarea zaintzeko eta sustatzeko.
Kultura kudeatzeko modu asko daude, baina ematen du, gobernuz gobernu, beti formula bera aukeratzen dela. Bestelako forma horiek benetako parte-hartzean, kudeaketa horizontalean, produkzioaren sustapenean... oinarritu daitezke.
3. Nabarmenak egongo dira, batez ere alderdien koloreekin lotutakoak. Hala ere, hainbat oinarrizko gaitan atzerapausoak ez egotea espero dut. Egon beharko luketen aldaketek abertzale edo sozialista izatearekin zerikusi gutxi izan beharko lukete, eta gehiago kultura eta arte garaikidea kudeatzeko irizpideekin.
Galderak
1. Zer irizten diozu aurreko Kultura Sailaren lanari?2. Zer eskatzen diozu gobernu berriari?
3. Abertzaleen eskutik sozialisten eskura pasatzeak zer aldaketa ekarriko du?