Arenatzako pinturak arriskuan daudela diote ekologistek

Galdamesko Arcanosa harrobiaren «legez kanpoko» zartatzeek harpeetako egiturari kalte egin diotela ohartarazi du Izate taldeakHarrobiaren jarduna eteteko dekretuak betearazteko exijitu die instituzioei

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Galdamesko (Bizkaia) Arenatzako haitzuloko margolanak arriskuan daudela ohartarazi du Izate talde ekologistak. Duela 20.000 urte ingurukoak dira pintura horiek, eta Portland Valderrivas taldearen Arcanosa harrobiaren «legez kanpoko» jardunaren ondorioz hondatzeko bidean egon daitezkeela adierazi du. 1973an aurkitu zituzten margolanak, Arenatzako kobaren barnealdean. Gorriz eta beltzez pintaturiko orein eta uroak dira. Margolanak babeste aldera, haitzuloan sartzea galarazita dago. Ikerlariek baizik ez dute hartarako baimena.

Izatek azaldu du harrobiaren leherketek harpeetako egiturari kalte egin diotela. Galdames inguruan 50 kilometroko zulobideak daude elkarri lotuak, eta zartatzeek zulo berriak ireki dituzte haitzetan, eta beste batzuk itxi, ekologistek diotenez. «Ondorioz, aireztapen baldintzak eta hezetasun mailak aldatu egin dira», adierazi du Izateko kide Sergio de Juanek. «Horrek eragin zuzena du margolanen kontserbazioan: pintura zartatu eta paretatik aska daiteke».

Gainera, Arcanosa harrobiak 2001etik jarduera baimenik ez duela azaldu du De Juanek. Urte hartan harrobia ustiatzeko eremua handitu egin zuen Portland Valderrivas taldearen enpresak, eta Eusko Jaurlaritzako Meategien Zuzendaritzako baimena lortu zuen arren hartarako ezinbestekoak diren beste hainbat baimen falta zaizkiola salatu du De Juanek; besteak beste, Galdamesko Udalaren jarduera baimena. Udalarekin eta Portland Valderrivas taldearen Arcanosa harrobiaren arduradunekin harremanetan jarri da BERRIA, baina batak zein besteak ez dute auziaz hitz egin nahi izan.

Harrobiaren ustiatze eremua legez handitu ahal izateko, hirigintza arauak aldatzeko eskatu zion Galdamesko Udalari Arcanosak. Haatik, udalari arauak aldatzeko astirik eman gabe handitu zuen harrobiak ustiatze eremua, De Juanek kontatu duenez. «Milioi bat eurotik gorako birmoldaketa egin zuten, inongo baimenik gabe, harrokeria osoz».

2004an, Bizkaiko Aldundiak hirigintza arauak aldatzea galarazi zion udalari, foru agindu bidez. Eta urte hartan Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Arenatzako haitzuloa kultur ondare sailkatu izendatzeko prozedura hasi zuen.

Auzibidean katramilaturik

Alabaina, Arcanosak handitutako eremu horretan lanean segitzen duela adierazi du De Juanek, «administrazioaren aginduei entzungor eginez». Horrenbestez, instituzioen «pasibotasuna» gaitzetsi du. «Badituzte tresnak galarazitako eremu horretan harrobiaren jarduera eteteko, baina ezer ez egitea erabaki dute nonbait».

2009an galarazitako eremu horietan jarduna berehala eteteko dekretua kaleratu zuen udalak, zenbait salaketa jaso ostean. «Baina harrobiko arduradunek ez dute bete, eta udalak bere aldetik ez du ezertxo ere egin betearazteko».

Egoera ikusirik, auzitara jotzea erabaki zuen Izatek. Harrobiaren arduradunen aurkako kereila jarri zuen, lurralde antolamendu eta natur baliabideen aurkako delituak egotzita. Auzi horretan epai irmorik ez dago oraindik.

Ordea, harrobia ustiatzen duen Arcanosa enpresak Jaurlaritzaren aurka abiarazitako auzibidea iaz eman zuen amaitutzat EAEko Auzitegi Gorenak, Jaurlaritzaren aldeko ebazpena kaleratuz. Eta horren ondotik Jaularitzak dekretu bat onartu du, Arenatzako haitzuloa kultur ondasun sailkatua izendatuz eta inguru hartan ustia ezin daitezkeen eremuak ondo zehaztuz. Dekretu hori indarrean noiz sartuko zain da Izate. Eta indarrean sartu ondoren, betearaztekoneurriak hartzea espero du.

Nolanahi ere, Izatek dekretuari alegazioak aurkeztu dizkiola jakinarazi du De Juanek, «tresna eta aurrerapauso beharrezkoa» den arren kobaren eremua «areago babestu» behar dela uste baitute. Eta ondorioz, harrobiaren ustiatze eremua «areago murriztu».

Argitu du Izatek ez duela eskatzen harrobi osoaren jarduera eteteko, ezta harrobia ixteko ere. «Legeztatzea eskatzen dugu. Hau da, legea betetzea herri honetako edozein pertsona eta enpresari exijitzen zaion bezala». Legea betez gero, haitzuloetatik gertu dauden eremuetan ezingo luke jardun harrobiak, eta ondorioz ez luke egingo haitzuloetako margolanei kalte egin diezaiekeen leherketarik ez bestelakorik. Era berean, Galdames mendiko biotopoa ez litzateke arriskuan egongo, Izateren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.