Liburu aurkezpena

Arendtek indarkeriaz egindako gogoetak, euskaraz

Boterearen eta biolentziaren arteko loturaz dihardu Hannah Arendt pentsalariak ‘Indarkeriaz’ liburuan, besteak beste. Itziar Diez de Ultzurrunek euskaratu du, eta Katakrakek argitaratu

Itziar Diez de Ultzurrun itzultzailea, Hannah Arendten liburua eskuetan duela, Katakak liburu dendan. IñIGO URIZ/ FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko apirilaren 15a
15:58
Entzun

Duela urtebete zen argitara ateratzekoa, baina pandemiak atzeratu egin du hau ere. Dena dela, Hannah Arendten Indarkeriaz liburua berandu helduko zen euskal literaturara are zegokion datan kaleratua izan balitz ere. Izan ere, Hedoi Etxarte Katakrakeko editoreari «bitxia» iruditzen zaio orain arte obra euskaraz argitaratua egon ez izana, aintzat hartuta «Euskal Herrian, tamalez, indarkeriak eta politikak azken hamarkadetan izandako harremana». Hutsunea betetzeaz arduratu da bere argitaletxea Itziar Diez de Ultzurrunen itzulpenaren eskutik, eta Mario Zubiaga Teoria Politikoko irakaslearen hitzaurreak biribildu du edizioa.

Editoreak aipatutako bi elementu horiek ditu oinarri liburuak, hain zuzen: indarkeria eta politika. Zubiagak azaldu duenez, polis-a —«boterearen lekua»– eta polemos-a —«gerra, gatazka»— «elkartuta» ageri dira Arendten teorian, baina ez, ordea, «bat eginda», irakasleak azpimarratu duenez. Botere politikoa ekintza kolektiboan sortzen dela zehaztu du, eta biolentzia, aldiz, ekintza indibiduala dela. Arendten garaian gertuko mehatxua zen gerra nuklearraren irudia erabili du Zubiagak adibide gisa: indarkeria gauzatzeko aski baita banako bakarrak botoi bat sakatu dezan, baina botere politikoa banako horien elkarbizitzan dago oinarritua. Alegia, «natura ezberdinekoak» dira, baina, halere, estuki lotuta daude beti. «Ez dago gauza arruntagorik boterearen eta biolentziaren arteko nahasketa baino».

Horrenbestez, bata zein bestea egoki zedarritzea izan zuen helburu pentsalariak, ohikoa zuen legez. Zubiagak dioenez, Arendt-ek uko egiten zion filosofotzat kalifikatua izateari, bere lana ez baitzen «egia bilatzea, errealitatea ulertzeko kontzeptuak ezartzea» baizik. «Kontzeptuen mugarritze lana oso inportantea zen» herentzat, irakaslearen arabera, eta praktika horren hamaikagarren adibidea dakar Indarkeriaz liburuak, politika eta indarkeria terminoak zehazteko saiakera ere bai baita. «Politikotasunaren errebindikazio sakona egin zuen Arendtek. Haren muinaz hausnartu zuen, baita baztertu ezin diren kontzeptuek sortzen duten zauri sendaezinaz ere. Politikotasunaren kolonizazioaz hitz egin zuen: zenbateraino konpon dezaketen teknikak eta zientziak eztabaida politikoa, eta nola nahi den neutralizatu moralaren bidezidorretik sendaezina den tentsio bat».

Eraginen batuketa

Arendtek kontzeptuak mugatzea jomuga izan zuen, baina ezin daiteke pentsalariarekin beste horrenbeste egin, Etxarteren hitzei erreparatuta: «Arendten interes puntuetako bat da heldulekurik gabe pentsatzen zuela». Dioenez, filosofo izaerari uko egiteaz gain, feminista izaeratik ere urrundu egin zen —«nahiz eta XIX. mendeko hainbat emakume berreskuratu»—, eta, liberalismoan kokatzen duten arren, sailkapen hori ere gaitzetsiko luke pentsalariak ziurrenik, Etxarteren iritziz. Kontrakoa adieraziko balute ere, berdin: «Ez dator Alemaniako ezkerreko pentsamoldetik; beraz, ezkerrekoek mesfidantzaz jokatu dute haren obrarekin».

Kategorizatu ezina izan zen Arendt, baina, era berean, kategoria guztietatik edan zuen bere teoria politikoa osatzeko. Inguruan izan zituenen eragina jaso zuen, eta bere pentsamoldeak ere beste horrenbeste egin zuen haiengan. Besteak beste, Karl Jaspers psikiatrarekin harreman intelektual estua izan zuen, baita Martin Heideggerrekin ere —harreman sentimentala ere izan zuen filosofo alemaniarrarekin—. Bere ama Martha Cohn ere garrantzitsua izan zen bere garapen teorikoan, baita bere azken senarra ere, Heinrich Blucher ezkertiarra.

Ingurukoekin ez ezik, ordea, Arendten teoriek urrunagoko pentsalariekin ere izan zuten erlazioa eta, batez ere, ika-mika. «Antipodetan» zituen teorialarien testuak ikertu zituen, garaiko gazteek irakurtzen zituztenak, nagusiki —Lenin eta Frantz Fanon, besteak beste—, eta horien ideien erabileraren inguruan hausnartu zuen, Itziar Diez de Ultzurrun itzultzaileak azaldu duenez: «Saiatu zen jatorrizko iturrietara jotzen, eta aldeak azpimarratzen. Ikusten zenarekin ez bazetozen bat teoriak, aztertzen zuen zer zen bat ez zetorren hori».

Eraginen aniztasun horrek testuaren forma baldintzatu zuen, aipu eta oin oharrez lepo baitago Indarkeriaz obra. Ezaugarri hori izan da itzulpen lanaren oztopoetako bat, Diez de Ultzurrunek nabarmendu duenez: «Itzulpen jarioa eteten zuten, iturrietara jo eta ikusi behar nuelako ea euskaratuta zeuden». Bestalde, «tolestura eta sakonunez betetako autorea» izanik, «orekari abila» izatea beharrezkoa egin zaio: «Euskaraz erraz irakurtzeko testua eman behar nuen, baina atxiki lotuz jatorrizkoari. Itzulpengintzan esaten den bezala: ‘Ahal bezain hurbil eta behar bezain urrun’». Izenburutik bertatik izan ditu «zalantzak», aitortu duenez.

Motza, baina mamitsua

Obrak 160 bat orrialde ditu, baina, hala ere, asko dira pentsalariak bertan garatzen dituen gaiak. Politika eta indarkeria ardatz gisa erabilita, beste hainbat ertzi heltzen die Arendten teoriak, itzultzaileak azpimarratu duenez. «Liburu honek gogoeta eragiten laguntzen du; gai asko azaltzen ditu, eta, nire ustez, azalkeriatik alde egiten eta klixe bidez pentsatzen uzteari laguntzen du». Diez de Ultzurrun «irakurle arrunt» gisa hurbildu zaio pentsalariaren lanari, eta hainbat azpimarra egin dizkio, haietako asko egunerokotasunez beteak, dioenez.

Esaterako, «kezka» agertzen du Arendtek zientziaren garapenaren eta unibertsitatearen eta askatasunaren arteko loturaren inguruan, eta, halaber, «eskuinekotzat jotzen den nazionalismo» baten sorreraz ohartarazten du pentsalariak, «populismoaren ondorioz gaur egunera ekarri daitekeena», itzultzailearen ustez. Era berean, «aintzat hartzekoa» deritzo gizakien ekintzen helburuez egindako gogoetari: «Arendtek garrantzia ematen die ustekabekoei. Ezin daiteke aurreikusi gizakien ekintzek izango dituzten ondorioak. Hortaz, bitarteko helburuak garrantzitsuagoak izan daitezke hasieran lortu asmo ziren helburuak baino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.