Mailuari heltzeko sei modu. Gabriel Arestiren lana ongi ezagutzen duten sei pertsona gonbidatu dituzte Bilbo Zaharra euskaltegikoak aste honetan. Harri eta Herri liburuaren urteurrenaren aitzakian, lan hari buruz ariko dira guztiak. Bakoitza bere ikuspuntutik, baina bikoteka. Anjel Lertxundi eta Kirmen Uribe idazleak izango dira gaur. Jon Juaristi idazlea eta Karmelo Landa literatura irakaslea bihar. Eta Aurelia Arkotxa literatura irakaslea eta Itxaro Borda idazlea etzi. Liburuaren irakurketa jendaurrekoa egingo dute maiatzaren 22n, eta hiru hitzaldi sorta prestatu dituzte aurrez. Iazko azaroan egin zuten lehen zikloa, gaurtik etzira izango da bigarrena, eta irakurketa aurrean egingo dute azkenekoa.
Arestiren lanean adituak eta haren gertuko izan zirenak bildu dituzte oraingoan. Pedro Alberdi antolatzailea pozik dago lortutako egitarauarekin. Sei hizlariak dira intereseko, dioenez. Poesiarik idatzi ez arren, oso poesia zalea da Lertxundi, eta Xabier Lete, Lauaxeta eta Lizardiren poemekin hainbat errezital egin ditu azken urteetan. «Aresti ere ezagutu zuen, gainera». Uribek poesiagintzan hasi zuen ibilbidea, eta ezaguna du Arestiren lana ere, eta hori izango du hizpide gaur.
Landa eta Juaristi elkarrekin
Onartzen du Alberdik: biharko hitzaldiak badu morbo apur bat. Garai batean lagun izanak, egun kontrako muturretan dira Landa eta Juaristi. Eta etzi literaturaz aritzeko elkartuko dira mahai berean. 1960. eta 1961. urteetan idatzi zuen Zuzenbide debekatua poemaz arituok da Landa. Arestiri buruz, alegia. Eta bat egingo du horretan Juaristirekin. Gertuko izan zuen idazlea berak ere, eta hil aurretik, bere poesia guztiaren argitalpenaren arduradun izendatu zuen.
Arkotxak doktore tesia egin zuen Arestiz, eta Harri eta Herri aurreko lana izango du hizpide bere saioan. Eta Bordaren saioaren klabeak ere aurreratu ditu Alberdik: «Poeta handia da Borda. Ez da Arestiren belaunaldikoa, eta badu ikuspuntu feminista bat ere. Interesgarria izango da».
Arestiri buruzko hiru hitzaldi antolatu dituzte Bilbon asteon
Gaurtik etzira, bikoteka ariko dira Arestiri buruz Lertxundi eta Uribe, Juaristi eta Landa, eta Arkotxa eta Borda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu