Zinemaldia

Aretoa beteta, ikusmin handiarekin hasi du ibilbidea 'Igelak' filmak

Patxo Telleria zuzendaria eta Miren Gaztañaga aktorea 'Zurriolako butaka' saioan izan dira. [youtube]https://www.youtube.com/watch?v=OKNUXN4uHmw[/youtube]

urtzi urkizu
2016ko irailaren 20a
16:05
Entzun

Ilara handia zegoen gaur 16:00ak aurretik Principe zine aretoetako atarian. Patxi Telleriaren Igelak euskarazko filma estreinatu dute areto handian. Dena bete da, eta adi-adi ikusi dute filma han bildu direnek. Amaieran ez da txalo askorik entzun, baina jendek gustura zegoela zirudien. Ez zuen ateratzeko presarik; Gariren abestia entzuten, tituluak irakurtzeraino geratu da jende asko. Harrera ona izan du, beraz.

Euskal Zinemaren Galan estreinatu dute filma. Aurretik, goizean, Zurriolako butaka saioan izan dira zuzendaria bera eta Miren Gaztañaga aktorea. "Galdera etiko batzuk daude istorioan. Baina filmaren helburu nagusia da jendea gustura egotea", esan du Telleriak. Musikak garrantzi handia du filmean, eta hainbat euskal talde azaltzen dira zuzenean jotzen eta kantatzen. Miren Gaztañaga aktorea da protagonistetako bat, eta kantuan ere azaltzen da. "Oraindik ez dut pelikula ikusi, eta irrikaz nago", esan du Gaztañagak.

Filma abenduaren hasieran iritsiko da Euskal Herriko areto komertzialetara. "Zinemaldian erakutsiko dugu, baina argitaratu, esan dezagun abenduan argitaratuko dela. Durangoko Azokaren bueltan estreinatzea ere ondo egongo da, musika taldeen parte hartzeagatik", esan du Telleriak. Gorka Otxoa da filmeko aktore portagonistetako bat. "Bere eremutik kanpo, ingurune arrotz batean jartzen dugu pertsonaia. Era berean, jendea aldatzen den edo aldatzen ez den planteatzen dugu", adierazi du zinemagileak.

Ibai Iturria ekoizlea Baskavigin dokumentalaz mintzatu da. "Duela 400 urte Islandian hil zituzten euskal arrantzaleen inguruko istorioa da. Zergatik hil zituzten jasotzen da dokumentalean. Grabaketa batzuk Islandian egin genituen, eta beste batzuk, Cadizen [Espainia]". Iturriak azaldu duenez, dokumentala Errenterian (Gipuzkoa) ere ikusi ahalko da datorren larunbatean, Atlanktida jaialdiaren barnean. Dokumentaleko ekoizpen etxe bat Islandiakoa da, eta herrialde horretan estreinatuko dela iragarri du Iturriak. "Baita Danimarkan ere".

Kritikarien solasaldian, Argia-ko Mikel Gartzia eta Iparraldeko Euskal Irratietako Mikel Kintana izan dira saioan.

Saioan, bestalde, Ramon Barearen soslaia egin dute —gaur jasoko du Zinemira saria— eta Justin Webster El fin de ETA dokumentaleko zuzendariari egindako elkarrizketa labur bat eman dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.