Musika

ARF 2015: bizarrak baino gehiago

Aurtengo Azkena Rock jaialdiko kontzertu egitarauan ez galtzeko musika gida, hamar gomendiorekin.

Ivan Santamaria.
2015eko ekainaren 18a
13:22
Entzun

Dena prest dago Gasteizen bihar Azkena Rock 2015 musika jaialdia abiatzeko. ZZ Top dira, dudarik gabe, publikoa erakartzeko eskaintzarik ezagunena. Baina blues-rock talde ikonikoarekin batera beste 26 abeslari eta talde ariko dira Mendizabalako hiru agertokietan. Hona hemen gida musikatu bat aurtengo egitarauan ez galtzeko.

1- ZZ Top

Ez da talde askorik aritu 45 urtez formazio berarekin. Baldin badaude, gainera, ez dira ZZ Top bezain ikonikoak izango. Billy Gibbons, Frank Beard eta Dusty Hillek betiko blues-rockari beste buelta bat ematen saiatu dira euren ibilbide guztian, bestea beste, sintetizadorea erabilita. Besapean argitalpen berririk gabe datoz Gasteizera, baina orain arte kaleratutako hamabost diskoetako klasikoak ez dira faltako Mendizabalako oholtzan, ARFren zaleek jaialdia ia hasi zenetik eskatu duten presentzia.Gaur, 00:00etan. BB King agertokian.


2- L7

Agertokiak utzi eta urte batzuren ondoren bueltatzen diren taldeen fenomenoa asko zabaldu da azken urteotan. Iritzi ezberdin asko eta kritika ugari jaso dituen zerbait da, gainera. Aurten rock munduan ikusmina sortu duen itzulera horietako bat ariko da Mendizabalan: L7. Donita Sparks buru, Kaliforniako taldean jatorriko lau kideek berriro elkarrekin jotzea erabaki dute. Garaiagatik grunge mugimenduaren barruan sartu zituzten arren, ziur aski punkarekin harreman gehiago du L7k. Ibilbide irregularra izan zuten, baina, besteak beste, Bricks are heavy disko gogoangarria utzi zuten, garaiko ereserkien bilduma. Gaur, 01:35ean. Bobby Keys agertokian.


3- Wovenhand

16 Horsepower taldea utzita, Wovenhand taldean garatu du bere sortzaile unibertso partikularra Dave Eugene Edwards abeslari eta musikariak. Folk eta country alternatiboaren bideetatik aritu ondoren, joan den urtean kaleratutako Refractory Obdurate diskoan soinua gogortu du, nabarmen. Musikak eta Edwardsen abesteko moduak giro ilun, hipnotiko, eta, tarteka, opresibo bat sortzen dute, elementu bibliko eta erlijiosoekin jositako abestietan. Bihar 01:50ean. Kim Fowley agertokian.


4- Reigning Sound

Memphisen sortutako taldea da Reigning Sound, orain dela ia hamabost urte. Garaje rock eta punk estiloan luze aritu ondoren, euren musikari ukitu lasaiago eta zabalago ematen asmatu dute azken garaiotan. Orain dela hiru urte Merge zigilu independente ezagunak fitxatu zituen. Harreman horren lehen emaitza da Shattered, iaz argitaratutako diskoa. Oinarria guztiz utzi gabe, rock klasikora eta countryra gehiago hurbildu dira , eta abesti batzuetan — Never coming home, esaterako — nostalgia puntu bat nabaritzen zaie. Bihar, 21:00etan. Kim Fowley agertokian.


5- Mastodon

Ziur aski, Mendizabalan kartelburu inoiz aritu den talderik gogorrena izango da Mastodon. AEBetako metal musikaren olatu berria esaten zaion mugimendutik atera ziren taldeen artean ibilbiderik sendoena egin duen taldea da. Soinu progresibo landuak eta ahots ugariren erabilerak ezberdin bihurtu ditu estilo horretan. Era berean, abileziaz erabili dituzte kontzeptu batzuk horien gainean disko osoak eraikitzeko. Horren erakusle dira Leviathan, Moby Dick liburuan inspiratuta dagoena, edo Crack the Skye — taldearen apustu alternatiboena — zientzia-fikzio kontakizun bat garatzen duena. Bihar, 22:10ean. BB King agertokian.


6- Black Mountain

Rock psikodelikoaren eta hard rockaren ur ezagunetan mugitzen den banda da Black Mountain. Kanadiarrak oso emankorrak diren ezin da esan — hiru disko argitaratu dituzte 11 urtetan —, baina zaleen arreta bereganatzeko gai izan dira, bereziki 2010. urtean argitaratu zuten Wilderness Heart diskoari esker. Horren jarraipena itxaroten jarraitzen dutenentzat, behintzat, grina asetuko du zuzeneko emanaldiak. Gaur, 22:50ean. Bobby Keys agertokian.


7- Eagles of Death Metal

Ez da Gasteizen egongo diren lehen aldia — lehen bisita aspaldi izan zen, 2006. urtean —, eta proiektuaren erdia, QOTSAko Josh Homme, ez da Arabako hiriburura etorriko. Hala ere, ez dira arrazoiak falta Eagles of Death Metalen emanaldira hurbiltzeko. Jesse The Devil Hughes abeslariaak badaki agertokitik tenperatura nola igo. Rock musika aldi berean zikina, dibertigarria eta fundamentuzkoa izan daitekeela agerian uzten dute EODMkoek. Bihar, 18:50ean. Bobby Keys agertokian.


8- JD McPherson

Mastodonetik aparte, soinu gogorren eskaintza zabala du aurten jaialdiak. Horrek ez du esan nahi rockaren alderik ludikoena erabat zokoratu denik. Garai klasikoetako rock and rolla eta rockabillya dira JD McPherson abeslariaren inspirazio iturri eta erreferentzia. Aurten argitaratu du bigarren diskoa, Let the good times roll, eta Mendizabalan publikoa berotzeko ardura izango du ostiral arratsaldean. Gaur, 19:45ean BB King agertokian.


9- Kvelertak

Eskandinaviak harreman luzea du rock gogorrarekin, eta tradizio horri jarraitzen diote Kvelertak-ekoek. Norvegiatik datoz, eta, Eskandinaviako talde gehienen apustua alde batera utzita, norvegiarrez abestea erabaki dute. Muturreko metaleko taldeen artean zerrendatu ohi dituzte – Erlend Hjelvik-ek  abesteko era gordina du -, baina Turbonegro bezalako rock taldeen eragina nabari da euren musikan. Bigarren diskoak, Meir izenekoak, euren ospea zabaldu du. Bihar, 01:50ean. Bobby Keys agertokian.


10- The White Buffalo

Jake Smith abeslari eta musikariaren proiektua da The White Buffalo. Americana eta country estiloen ahots berrietako bat da. Eta a zer nolako ahots sakona, diskoan Eddie Vedder bera gogora ekartzen duena. Abesti lasai, sakon, AEBetako mendebalde girokoak dira bufalo zuriaren lanabesa. Sons of Anarchy telesailak haren abesti ugari erabili izan ditu. Gaur, 20:40ean. Kim Fowley agertokian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.