Argazkigintza artean txertatzeko moduak bildu ditu Guggenheimek

Ehun 'performance', pintura, bideo eta argazkik osatzen dute 'Haunted' erakusketa, gaurtik aurrera zabalik

Jon Fernandez.
2010eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Argazkia egungo artean nola txertatzen den agertzen du gaur Bilboko Guggenheim museoan zabaldu duten Haunted: egungo argazkigintza-bideo-performancea erakusketak. Hainbat artistak eginiko ehun artelan jarri dituzte. Datorren martxoaren 13ra arte egongo da zabalik.

New Yorkeko Solomon R. Guggenheim museotik zuzenean dator erakusketa, hantxe egon baita joan den irailaren 6ra arte. Hala ere, arduradunen esanetan, Bilbokoa «handiagotutako erakusketa da». 60 lan gehitu dizkiote. 2001etik aurrera sortu ziren lan ugari dituen arren, 1960ko hamarkadatik aurrera argazkigintza artean nola txertatu den azaltzen du erakusketak.

Bost begirada

Bi begiren prestutasuna baino gehiago eskatzen dizkio erakusketak ikusleari: ikusi, entzun eta bizi egin behar da Haunted. Izan ere, argazkiek ez eze pinturak, bideoek, zinemak eta instalazioek ere osatzen dute erakusketa. Guggenheim museoen bilduma iraunkorrekoak gehienak.

Bost ataletan banatu dute ikusleak egin beharreko ibilbidea. Artista bakoitzak iragana lantzeko duen moduaren arabera. Formalki eta kontzeptualki iraganari begiratzeko bost molde dira.

Warhol eta Rauschenbergen lanak biltzen ditu lehen atalak. Artelanetan argazkiak txertatzen lehenak izan ziren. Deigarria da, esaterako, Warholen Hondamendi laranja: heriotza zigorrak sortzen duen trauma soziala irudikatzen du laranja koloreko hondoaren gainean aulki elektrikoaren irudia hamabost aldiz errepikatuz. Bigarren atalean, irudiak eskuratzeari buruzko berrazterketa egiten dute Rachel Harrison, Adam Helms eta antzeko artisten lanek. Hirugarrenean, argazkiaren errepikapenak eraginda sortutako ikuspegi estetikoak ikus daitezke, Joan Jonas eta Ana Mendietarenak, besteak beste. Laugarrenean, gertakari esanguratsuak, sarri traumatikoak, izan diren lekuak islatzen dituzten artelanak daude. Clemente Bernaden Francoren kartzela bat, besteak beste. Azken begiradan, esperientzia traumatiko pertsonalei loturiko fikziozko lekuak sortzen dituzte artelanek, Karl Haendel eta Jeff Wallenek, adibidez.

Iraganaren gaurkotasuna

«Ikusleak historiaren eta berehalakoaren artean zintzilik sentituko du bere burua». Erakusketak denboraren joanaren eta ikus-entzunezko erreprodukzioen arteko erlazio bereziari so egiten diola azpimarratu zuten atzo Jennifer Blessing eta Nat Trotman komisarioek.

Argazkigintzak heriotza gainditzen du. Memento mori bat da, gizakiari etengabe halabeharrezko joana gogorarazten diona. «Iraganeko gertaerei biziki egiten diete erreferentzia, eta horiek orainaldian atzematean, iragana orainaldira etortzen dela sentitzen dugu», azaldu zuten arduradunek. Hortik, hain zuzen, Haunted izena, «egungo argazki eta bideo ugari iraganak, artearen historiak eta mamuek sorgindu dituztela ematen duelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.