Desagertuak oroituz eta Argentinako diktadurak desagerrarazitako idazle baten alargunari ahotsa emanez inauguratu zuen atzo Cristina Fernandez Argentinako presidenteak Frankfurteko Liburu Azoka. Elsa Oesterheld, Hector Oesterheld idazle zenaren alarguna, entzuleen artean zegoen, baina Fernandezek agurtu zuenean altxatu eta agertokira igo zen. «Eskerrak eman nahi ditut hemen gertatzen ari denagatik», esan zuen. «Uste nuen hilda nengoela, eta berriro bizirik nago».
Oesterheldek jasotako txalo zaparradaren ondoren, Fernandezek hartu zuen hitza berriro, etadesagerrarazitako beste idazle batzuk gogorarazi zituen; Rodolfo Walsch eta Haroldo Conti, besteak beste.
Argentinako lehendakariaz gain, Griselda Gambaro idazle eta preso ohia ere mintzatu zen ekitaldian. Literatura eta boterearen arteko harremanak gatazkatsuak izaten direla beti esan zuen Gambarok, «ez solilik diktaduretan».
Polemikarik ere bada Argentinak Frankfurtera eraman duen ordezkaritzaren inguruan. Süddeutsche Zeitung egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean, Ricardo Piglia Frankfurtera joateko aukeratutako idazleen artean ez egotea gaitzetsi du Michi Straussfeld literatur adituak. Straussfelden ustez, lehendakariarekin kritiko izateak utzi du Piglia zerrendatik at.
Argentinako desagertuak gogorarazi dituzte inaugurazio ekitaldian
Diktadura garaian desagerrarazitako idazle baten alargunari eman dio hitza Cristina Fernandez presidenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu