ILLUMInazioni/ILLUMInations izenburu orokorra jarri dioteaurtengo Veneziako Biurtekoari. Eta ekainaren 4tik azaroaren 27ra arte iraungo du. Hala ere, ez dut uste 54.a egiten duen nazioarteko erakusketa hori gogoratzeko modukoa izango denik. Gai orokorrari begira egin omen du aukeraketa Bice Curiger erakusketaren arduradun suitzarrak; baina zaila da 83 artistaren lana argiztapenaren erreinuen arabera ulertzea, eta are gutxiago bigarren zatiak osatzen duen nazioaren kontzeptuaren argitan.
Bi urtetik behin egiten den mundu mailako erakusketa orokorra hiru zatitan banatzen dela esan daiteke: Veneziako lorategiko (Giardini) egoitza nagusia, Arsenaleko erakusketa eta lorategietan eta hirian sakabanatuta dauden munduko estatuek aurkeztutako pabiloiak. Horri gehitzen badizkiogu Veneziako txoko guztietan topa daitezkeen ia 40 «zeharkako edo alboko erakusketa», konturatuko gara ia ezinezkoa dela arte garaikidearen egungo egoera neurtzeko balio duen ekimen erraldoi osoa bisitatzea.
Ahalik eta gehien ikusteko estresaren eta zerbait galduko dugula onartzearen artean ibiliko gara Veneziako erakusketak eta kaleak zeharkatzen, nahiz eta onena lasai hartzea eta hiriaz eta erakusketaz gozatzea den.
Bi egoitzatan egoten da azken urteetan biurtekoko erakusketa nagusia: Giardiniko erakusketa aretoan eta Arsenalen. Horietan banatu ditu Bice Curigerrek, ILLUMInazioni izenburupean, 83 artistaren lanak. Harrigarriena sartu bezain laster topatuko ditugun eta erakusketaren ardatz moduan jarri dituzten XVI. mendeko Tintoretto pintore veneziarraren hiru lanak dira. Arduradunak dioenez, Errenazimenduko artistaren pintatzeko erak gaur egungo ikuslea erakartzeko gaitasuna du, argiaren eta mugimenduaren erabilpen bortitza dela eta. Testuaren justifikazioak alde batera lagata, zaila da erakusketan harremanak egitea koadroen eta izenburuaren artean.
Tintorettoren koadroak erakusten diren espazio zentralaren inguruan kokatu dira beste artista askoren lanak; batzuk gaiarekin gutxi gorabehera bat datozenak, besteak berez ikusi behar ditugunak, erakusketaren hari orokorraren barruan egon edo ez. Hau da, erakusketa baino gehiago artelan solte moduan ikus ditzakegu aretoan dauden artelan gehienak.
Erakusketa nagusiak Arsenale delakoan jarraitzen du, eta han ere zaila da artelanak lotzen dituen haria harrapatzea. Horren ordez, erakusteko espazioaren edertasunaz —garai bateko ontziolak— eta artista bakoitzak aurkeztutakoaz gozatuko dugu.
Lanik aipagarrienen artean, behin eta berriz erakusketa nagusiko sabaiko ertzetan azaltzen zaizkigun Maurizio Cattelanek disekatutako usoak, Nicolas Parisen gela, Jack Goldsteinen The Jump 1978ko filma, Cindy Shermanen emakumeen mural handia, Norma Jeanen jendeak erabiltzeko plastilina eta David Goldblatten Hegoafrikako pobreziaren inguruko argazki izugarriak.
Arsenalen, berriz, Franz Westen para-pabiloia, Mohamed Bourouissaren filma, Urs Fischerren kandela monumentua, Christian Marclayren 24 ordu irauten duen The Clock film harrigarria eta Klasa Lidenen zakarrontziak.
Pabiloi «nazionalak»
Izen horrekin aurkezten dira nazioarteko estatu batzuek bidaltzen dituzten ordezkarien erakusketak. Aspalditik dauzkate estatu batzuek erakusketa areto edo pabiloiak Giardini delakoan sakabanatuta, erakusketa nagusiaren inguruan. Beste estatu berriago batzuek Arsenalen eta Venezia hirian sakabanatutako aretotan jarri dituzte herritik ekarritako artisten lanak.
Bice Curiger erakusketaren arduradun nagusiak aukeratutako izenburuaren bigarren zatiak nazioei egiten die erreferentzia; hain zuzen, mundu globalizatu batean (eta teorian, nazioak garrantzia galdu duen momentuan) pabiloi nazionalak, indarra galdu beharrean, bienalaren ardatz ezinbestekoa dira oraindik.
Horregatik, aurtengo ekitaldiko ideia nagusia, erakusketan aurkeztutako nazioarteko artistekin batera, nazioen pabiloiak osagarri moduan aurkeztea izan da. Baina ideia horren akatsa estatuek eramaten dituzten proposamenen ezberdintasunean dago. Estatu bakoitzak egiten duen aukeraketak ez dauka lotura handirik erakusketa nagusiaren arduradunak proposatzen duen gaiarekin, eta, horregatik, hobeto ikusten dira erakusketa txiki eta bakartu moduan.
Aurten behin ere baino pabiloi nazional gehiago jarri dituzte biurtekoan; 89 herrialderenak, hain zuzen. Guztiak ikustea zaila da, hirian sakabanatuta daudelako, baina Giardiniko 28ak eta Arsenaleko 10ak ikusteak ezusteko bat baino gehiago ekarri dute, aukeratutako artista asko ezezagunak izan direlako eta horrek izen handien «40ko zerrendetatik» alde egiteko aukera ematen duelako. Bestalde, herrialde askok arte merkatuko erdigunetatik kanpo egoteagatik edo, freskotasuna eta ausardia erakuste dute (adibidez, Bangladesh eta Irakekoak). Beraz, sarritan, erakusketa nagusia baino interesgarriagoa izan da pabiloi nazionaletatik egindako txangoa.
Adibidez, Austriakoa, Hungariakoa, Serbiakoa, Espainiakoa, Alemaniakoa eta Txilekoa aipatzeko modukoak dira. Baita ILA edo Latinoamerikako estatu batzuek osatutako askotariko erakusketa ere. Ekimen interesgarria izatez gainera, lan onak ikusteko aukera ematen digu. Greziak egindako aukerak herrialdearen egoerarekin zerikusia du, eta, horregatik, Beyond Reforme izenburu orokorra duen lanak espraiz pintatutako Salduta hitzak zituen fatxada moduan eraiki duen egurrezko egituraren goialdean. Ezagunagoak dira Suitzak eta Frantziak aukeratu dituzten artistak: Thomas Hirschhornen eta Christian Boltanski, hurrenez hurren.
Ekialdeko Europako herrialdeen artean, 70eko artista muturrekoen lanak berrikusteko gogoa azaltzen da. Performancea edo filmekin edo bideoekin lan egin zuten artisten oroimena berreskuratzeko gogoa dagoela dirudi, Errumania, Kroazia eta Errusiako aukeraketaren artean. Gauza bera gertatzen da Brasilgoan ere.
Aipatu beharrekoa da Italiak aurten estatuaren 150. urteurrena ospatzeko hartu duen erabakia. Herrialdeko artista guztien lanak erakusteko asmoarekin, profesionalak, amateurrak eta ikasleak elkartu ditu aukeraketa eta mugarik gabeko erakusketa kaotikoan. Artelan eta artisten pilaketak Berlusconiren politika populistak gogorarazten dizkigu.
Erakusketaz betetako hiria
Eventi Collaterali izenarekin elkartu dituzte bienalaren aitzakiarekin antolatutako beste erakusketak. Hiria aretoz eta erakusketaz beteta dago, batzuk besteak baino interesgarriagoak, baina guztiak ikusteko modukoak, Venezia bisitatzen ari garen bitartean. Kalean zehar gabiltzala erakusketa bat edo pabiloi nazional bat topatzen badugu, gustura sartuko gara, eta ikusi ondoren ibilbideari jarraituko diogu. Horixe da biurtekoaren plazeretako bat: ez da artearen bila joan behar; kalean topatzen duzu.
Adibidez, Kataluniak eta Balear Irlak aukeraz baliatu dira bienalean izateko Mabel Palacin artista aurkezten; ea EAEk eta Nafarroak ereduari noiz jarraitzen dioten.
Beste adibide batean, Frog-topia Hong-kornucopia izeneko erakusketan, Hong Kongeko Kwok Mang-ho edo Frog King izeneko artistaren lana dago. Ekialdeko horror vacui eta txinatar bazarraren artean dagoen erakusketan teknologia, tradizioa eta arte ekintza elkartzen dira, zoramen eta umore handiko espazioan.
Ezberdina da Glasstress 2011 izeneko erakusketa. Veneziak beiraren inguruan izan duen tradizioari jarraituta, Arte eta Diseinuaren Museoak material horretan egindako arte garaikideko artelanak elkartu ditu erakusketan; tartean Javier Perez Euskal Herriko artistaren lana ere ikus daiteke.
Personal Structures izenekoa fundazio pribatu batek Kanal Handira ematen duen Bembo jauregian antolatutako erakusketa da. Denbora, espazioa eta izatea gaiak lantzen dituzten 28 artistaren lanak aukeratu dituzte.
Azkenik, Veneziako elizetan jarritako bi bideo erakusketa aipatuko ditut. Lehenbizikoan, Lech Majewskiren Bruegel Suite izeneko lana dago, San Lio izeneko elizan. Gaur egun erabiltzen den eliza horretan, XVI. mendean Bruegelek pintatutako Kalbario Bidean izeneko koadroan inspiratutako bideo bat jarri du. Bigarren kasuan, utzitako eliza bateko espazio txikiagoak erabili dituzte, Tim Davis Galesko artistaren bideoak jartzeko. Beste behin ere, estaturik ez duen herrialde baten ekimena da Veneziako Biurtekoan egoteko.
Argi eta ispilu jokoak
'ILLUMInazioni/ILLUMInations' izenburupean, argia eta nazioa ditu ardatz nagusi aurten Veneziako BiurtekoakZaila da artelanak hari bakar baten inguruan lotzea, eta lan solte gisa ikusten dira oro har
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu