Komunikabideak

Argia sariak 2010ean gehien nabarmendu diren euskarazko komunikabideei

'Ahotsak.com', 'Gaztezulo', 'Nik ere euskaraz' kanpainia, 'Orain' eta Fermin Etxegoien dira sarituak.

2011ko urtarrilaren 28a
00:53
Entzun
1989tik urtero egin ohi duen bezala, Argia astekariak Argia sariak eman ditu gaur, 2010ean euskarazko komunikazioaren zenbait arlotan nabarmendu direnen artean. Usurbilen (Gipuzkoa) egin dute sariak emateko ekitaldia, Atxega jatetxean.

Bost arlotan gehien nabarmendu diren banako eta erakundeak saritu dituzte. Internet alorrekoa ahotsak.com-i eman diote. Euskararen ahozko ondarea jasotzeko webguneak egindako lana izan da proiektua saritzeko arrazoi nagusia. 3.034 elkarrizketatik gora jaso dituzte bertan, ahozko euskararen hainbat eta hainbat laginekin.

Prentsa alorrean, Gaztezulo aldizkaria saritu dute, azken hamar urte hauetan gazteen topagune bilakatu delako. Sariarekin, aldizkariaren ibilbidea eskertu dute.

Telebistako saria, berriz, ETB3ko Orain saioari eman diote, hain ezagunak ez diren pertsonaiei ahotsa emateagatik. Hedabideetako tituluetan tokirik ez duten pertsonei leku ematea garrantzitsutzat jo dute.

Irratigintzan, Fermin Etxegoien kazetariak jaso du saria, Ekaitz Perfektua saioko 100 diskorik onenak atalean egindako lanagatik. Irratietan tokirik izan ohi ez duten musika motei tartea eman izana nabarmendu dute.

Publizitatearen saria Donostiako Euskara Patronatuari eman diote, Nik ere euskaraz kanpainaren bitartez euskara sustatzeko egindako ahaleginagatik, eta nabarmentzekoa izan delako kanpainiak gizartean izan duen harrera ona.

Saridunak

Internet: Ahotsak.

Prentsa: Gaztezulo.

Publizitatea: Nik ere euskaraz kanpaina, Donostiako Euskara Patronatuaren eskutik.

Telebista: Orain ETB3ko elkarrizketa saioa.

Irratia: Ekaitz perfektua: 100 diskorik onenak saioagatik Fermin Etxegoien kazetariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.