Paradoxa ematen du, baina margolaritza lezioa da: argia pintatzea beste desiorik ez zuen artistak, ez du kolore bizirik erabiltzen; ñabardura ugariko grisak, okreak, lur koloreak, zuri zikinak, urdin ilunak, apenas horirik edo gorririk, apenas zuririk eta beltzik. Hori baino nabarragoa da dena. Eta hala ere, sentitu egiten da argia koadroetan. Hasi 1925etik aurrera askotan margotu zituen hiriko paisaietatik, eta buka gerora kostaldean pintatu zituenetara, guzti-guztietan dago argia harrapatzeko nahia. Jendea agertzen denean ere, argia da gizaki horien errealitatea; argiak ematen die forma, eta kasik, baita aldartea ere.
«Agian ez naiz oso humanoa, esan zuen behin Hopperrek, paretan pausatzen den eguzkiaren argia pintatzea zen nire desioa». Bere koadro askotan etxeak ageri dira, kaleak, hiria, jendearen bizitokiak, baina jenderik ez. Indar berezia dute ordea gizakia erakusten duten lanek. Beren baitara bildutako gizon-emakumeak pintatzen ditu beti. «Arrotzak eta ezezagunak garenez geure buruarentzat, geure kontenplazioaren objektu bihurtzen gara», esan zuen beste behin. Eta bere burua kontenplatzen duen gizakia kontenplatzen du ikusleak. Eta burua lanean hasten zaio. Bere irudien aurrean ikuslea istorioak imajinatzen jartzeko gaitasuna dauka Hopperrek, narratiboa da, istant bat ematen dizu, hari mutur bat, ipuin baterako hasiera izan daitekeena. Emaztea eta biak koadroetako pertsonaiei izenak jarri eta nortasunak asmatzera jolastenziren. Akaso horregatik azaldu da hainbeste liburuen azaletan, horregatik erabili dute idazleek, horregatik eduki du eragin itzela zinean. Haren koadroak oso ondo eraikitako fotogramak dira. Sinpleak dira, arketipoak pintatzen ditu. Eta ikusleari gogoan geratzen zaizkio.
Dena gordetzen zuten Hopper senar-emazteek kaiera batean. Koadroaren marrazkia, eta azpian datuak: izena, noiz eta non pintatua, ze pinturarekin, zer agertzen den koadroan, zein kolore eman dion gauza bakoitzari (belar erreari okrea, baina berde ukitu bat arbolapean), dena, eta dena xehetasun harrigarriz. Antzokia utzi ostean lagako zutena zen.
Argiaren minaz
Ez du kolore bizirik erabiltzen margolariak, eta, hala ere, sentitu egin daiteke argia koadroetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu