Izan zitekeen gurasoak akabatzeko gupidarik ez zuen ustezko yuppie arrakastadun eta drogazalea (Before the Devil Knows You're Dead, 2007); sexualki kitzikatzeko emakume ezezagunei deitzen zien bulegari bakarti eta oinazetsua (Happiness, 1998); moja bihotzgabe bati aurre egiten zion apaiz borrokalaria (Doubt, 2008); sekta bat sortzen duen lider karismatikoa (The Master, 2012); eta baita Truman Capote idazlea bera ere, In Cold Blood liburua idazteko ikerketa lanean (Capote, 2005). Azken lan horrekin, hain zuzen, aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen Hoffmanek. Baina bigarren mailako rolak jokatzen nabarmendu zen batez ere azkeneko 15-20 urteotan. Halere, ez zuen izarraren argirik behar distira egiteko.
Aktore ezagun baten bizitza pribatuak daukan oihartzunarekiko mesfidatia zen Hoffman (Fairport, New York, 1967), eta ez zitzaion gustatzen komunikabideen aurrean agertzea, esaterako. Ahalegintzen zen haiei ihes egiten, eta harrapatzen zutenean izan zitekeen zakarra, edota lehorra, besterik gabe. Pentsatzen zuen pelikuletan eta antzezlanetan esaten zuela esan beharrekoa. "Ni beharrean, jendeak interpretatu ditudan pertsonaiak gogoratzea atsegingo nuke", adierazi zuen behin. Baina hura ere, haren bizitza pribatua, hedabideen fokupean zegoen, eta TMZ webguneak jakinarazi zuen, joan den maiatzean, hamar egun igaro berri zituela desintoxikatzeko klinika batean, heroinaren eta sendagai jakin batzuen mendekotasuna zuelako. Ustez, besoan xiringa bat zintzilik zuela topatu zuen haren lagun gidoigile batek, atzo, 11:30ean, New Yorkeko West Villageko Bethune kalean zuen etxebizitzan. Heroina hondarrak ere bazeuden bainugelan.
Baina irudi horren gainetik, lan egiterako orduan erakutsi zituen errekurtsoak izango ditu zinemazaleak gogoan. Haren ahotsa lodia edo zolia —Capote-n esaterako—, haren gorputz mozkotea, irribarre zinikoa, urdintzen ari zen ile gorrixka... Oscar bakarra irabazi zuen, baina beste hiru aldiz izan zen bigarren mailako aktore onenarena lortzeko hautagaia: Charlie Wilson's War (2007), Doubt (2008) eta The Master (2012). Gainera, beste hamaika sari irabazi zituen azkeneko 15 urteotan. Ez zen izar bat George Clooney, Brad Pitt edo Russell Crowe haren garaikideen gisara, baina berezko distira zuen.