BLITZ THE AMBASSADOR
'NATIVE SUN'
Jakarta
New Yorken bizi den Ghanako kantari honen bosgarren lan luzeak hip hopa du ardatz nagusi, baina inoiz baino bustiagoa highlife eta afrobeat musiketan. Blitz the Ambassadorrek belztasunaren, batik bat musikalaren, aldarrikapen ozena egiten du Akawba bezalako pieza erakargarriz jositako disko honetan. Dantzarako une apropos ugari eskaintzen ditu, eta topikoetatik ihes eginez hip hop garaikide, zabal eta indartsuz betetako eskaintza osa daitekeela azaldu du.
THE LEISURE SOCIETY
'INTO THE MURKY WATER'
Full Time Hobby
The Divine Comedyren dotorezia british-aren eta The Ladybug Transistorren 60's folk-aren artean mugitzen da The Leisure Society bigarren diskoan. The Sleeper (2009) udazken tonuko diskoa zen, akustikoa eta malenkoniaz josia, baina Into the Murky Water-ek poperako joera nabarmenagoa erakusten du. Folk eta country-pop lasaienaren arrastoak hor daude, Our Hearts Burn Like Damp Matches-en eta Although We All Are Lost-en, baina biolin, ukelele eta koru zerutiarren artean, energia eta bizipoza transmititzen dute kantu hauetako asko eta askok.
ESTANKONA
'ESTANKONA'
Baga-Biga
Arean taldean bezala, hirukotean grabatu du Borja Estankonak bere bakarkako lehen lana. Jimmy Arrabit (bateria) eta Itsaso Etxebesterekin (baxua) osatu duen power trio honek Areanen diskoetan jasotako tentsioari eusten dio lehen kantutik (Idatzita ez dago ezer), baina konposizioetan korapiloa askatzera eta erritmoa pittin bat azkartzera jo du. Rock lehor eta apaingarririk gabea (Ur horretatik, Okerrena igaro zen jada), slowcore iradokitzailea (Beste zerbait jolastia) eta gitarra garapen ederrak (Hor leku bat) aurkitu ditugu aintzat hartzekoa den diskoan.
Musika
Argitaratu berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu