MORIARTY
'A MISSING ROOM'
Air Rytmo
Zer gertatuko litzateke Fairport Convention, Violent Femmes, Tom Waits eta Cowboy Junkies nahastu eta botila berean sartuko bagenitu? Sekulako kaka nahastea eragingo genuke edo Moriarty bezalako talde klasifikaezina sortuko. Zorionez, azkena gertatzea posible dela erakusten du Frantziako talde aren bigarren lan luzeak —lehen diskoak, Gee Whiz But This Is A Lonesome-k (2007), oso harrera ona izan zuen—. Emakume ahots indartsuak gidatutako folk oniriko eta akustikoa. Folk psikodelikoa itzuli dela? Inoiz joan al zen bada? Begiak itxi eta amets egiteko.
TAME IMPALA
'INNESPEAKER'
Modular
Asteburuan egunkaria irakurtzen tabernan, FIB jaialdiaren kronikarekin egin nuen topo. Argazkian bi tipo ageri ziren kontzertuaren aurreneko lerroan, kamisetarik gabe, eta Tame Impala idatzita larruazalean. Talde aussie-aren lan bakarra gogoratu nuen, lan psikodeliko irmoa baita. Hirukotearen proposamena The Soundtracks Of Our Livesen jariotik gertu dago. Hots, 60ko hamarkadako psikodeliaren eta poparen arteko uztarketa lisergikoa, zertzelada garaikideak ere antzematen diren arren —brit-poparen zantzuak usain daitezke—. Soinu kaleidoskopio hipnotikoa da.
THE LIBERATORS
'THE LIBERATORS'
Record Kicks
Urtebete ez da pasa Sidneyko afro-funk talde hau sortu zenetik eta dagoeneko bere lehen diskoa kaleratu du, Antibalas-eko Amayo abeslariaren bedeinkapenarekin gainera. Hain zuzen, Fela Kutik 70eko hamarkadan sorturiko afrobeat-aren esentzia ondo baino hobeto barneratu du The Liberatorsek disko honetako hamar konposizioetan. Gitarrek, perkusioak eta haize tresnek groove handiko amarauna osatzen dute, ahozko kolaborazioek (Roxie Ray, Afro Moses) soula eransten diote, eta ekoizpena bikaina da. Uda honetan dantzatzeko disko aproposa.
Musika. Argitaratu berriak
Argitaratu berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu