Musika. Argitaratu berriak

Argitaratu berriak.

ANDONI TOLOSA, JULEN AZPITARTE, JON ESKISABEL
2011ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
ASKOREN ARTEAN

'ISHUMAR II'

Reaktion

Tianariwen taldeak ireki zizkigun Tuaregeko musiken ateak. Orduz geroztik, gitarren jolasetan oinarritutako musika horiek lantzen dituzten izen gehiago ezagutzeko aukera izan dugu. Horrela gehiago estimatzen ikasi dugu. Ishumar delako bildumaren bigarren ale honek beste 12 talde eta bakarlari ematen dizkigu ezagutzera. Alde rockeroenetik (Tamkiwate), alde akustikoenera (Faris Amine Bottazzi, Atri N'Assouf). Gaur egungo Tuaregeko musika ezagutzen lagunduko digun diskoa da, eta Amanar taldearen Alghafiat, berriz, lan honen laburpen posibleetako bat.

NEON BLUD

'B-GIRLS'

Katorga Works

Behinola iruzkindutako Merchandise taldeko bi musikariek jotzen dute noise-rock egitasmo honetan. Hamabi hazbeteko honek hiru kantu baino ez ditu biltzen. Hala, Bleed Blud-en hamabi minutuek A alde osoa hartzen dute, eta gitarrek eragindako feedback zurrunbilotik sorturiko bidaia progresibo, harrabots eta iradokitzailea da. Samantharen ahotsak fintasun artegagarria eransten dio magma durunditsuari, Kim Gordon balitz bezala. B aldea izenbururik ez duten bi doinuk betetzen dute. Sonic Youthen hasierako grabazioen xarma gaurkotua zabaltzen du Neon Bludek.

SWEET OBLIVION

'THE NATURAL'

Audiomatic

Alfonso Arana (Cancer Moon, Cujo) getxoztarraren ibilbideak orain arte jaso duena baino oihartzun handiagoa merezi du. Sweet Oblivionekin grabatzen duen hirugarren diskoan arreta deitzen du gitarren garbitasunak —aurrekoan bezala, Jose Maria Rosillo (Amaral, The Sunday Drivers) izan da ekoizlea—. Malenkoniaren eta baikortasunaren artean zabuka ari diren kantu argitsuez josita dago diskoa.You Will Miss Me When I'm Gone, Someone to Watch Over Me, Across the Sand edota I Believe —Ce kantariak sortutakoa— pop-rock amerikarreko ale klasikoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.