MUSIKA

Argitaratu berriak

ANDONI TOLOSA. MIKEL LIZARRALDE. GORKA EROSTARBE.
2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
ASKOREN ARTEAN

'BATIDA DANCE MWANGOLE'

DIFFERENCE

Batida, Luandako kaleetan saltzen diren disko piraten izena izateaz gain, DJ Mpula-k Portugaleko Antena 3 irratian eta sarean astero egiten duen irratsaioaren izena ere bada. Gehienbat Afrikako hirietako gaur egungo soinu banda da protagonista irratsaio horretan. Berak ekoitzitako disko honetan Angolako hiriburuko gaur egungo artista mordoxka entzun daiteke. Dantzarako primerako diskoa da honako hau. Funk, afro beat, dancehall edota afro house erritmoak biltzen dira lanean, baina, kuduroa da nagusi, Angolako musika kaletarra oinarri duen estiloa, hain zuzen. ANDONI TOLOSA

PERFUME GENIUS

'LEARNING'

MATADOR

Emozio zintzo eta istorio autobiografiko agerikoen zaleek badute beren urteko diskoa. Ordu erdi eskasean eta ia pianoaren laguntza hutsarekin, Mike Hadreas estatubatuarrak lehenik azalean eta gero barrurago iltzatzen den kantu bilduma osatu du. Soinu ia minimalistaz eta ahots tratatuak lagunduta, Hadreasek idatzitako kantuek melodiak erakusten dituzte lehendabizi, eta ondoren barruan gordetzen dituzten istorioak azaleratzen dituzte. Eta bitartean, hamaika izen bururatzen zaizkio entzuleari: Sufjan Stevens, Low, Daniel Johnston, Cat Power... Guztietatik du zerbait, inoren antz nabarmena izan gabe. MIKEL LIZARRALDE

MICAH P. HINSON

'MICAH P. HINSON AND THE PIONEER SABOTEURS'

PIAS

Oraindik ere 30 urte bete ez dituen arren, Micah P. Hinson Memphisko kantugilea klasiko bihurtzetik urrun ez dagoela esatea ez da astakeria. Klasikotasunari (Dylan, Cohen, Cash, Orbison...) erraiak eta zintzotasuna batzen dizkio. Eta hunkidura beti hurbil. Disko berriari hasiera eta amaiera ematen dioten pieza instrumentalak -pausatua lehena, ekaitz elektriko luzea bigarrena-, Take Off That Dress For Me harribitxi goxo txikia, Seven Horses Seen zoragarria, My God, My God konfesio kutsukoa edota Watchman, Tell Us Of The Night rockeroa ditu zutabeetako batzuk lan berriak. GORKA EROSTARBE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.