PAUL WELLER
'WAKE UP THE NATION'
INTERSCOPE RECORDS
22 Dreams-ek erakutsi zuena baieztatzera dator Wake Up The Nation: Paul Weller sasoian dago. Bakarkako ibilbide gorabeheratsuan grabatu duen hamargarren diskoa da, eta onenen artean kokatu beharrekoa. Hiru hamarkadatan Wellerrek landu izan dituen musiken nolabaiteko uztarketa proposatzen du: soul eta funk dotorea (bikainak No Tears To Cry eta Aim High), rhythm and blues indartsua (Moonshine, Wake Up The Nation), The Jamen garaiak gogoratu (Fast Car / Slow Traffic), eta aurrera begira jarri Kevin Shieldsen laguntzarekin (7 & 3 Is The Strikers Name). Gainera, esnatzera deitzen ditu herrikideak. M. LIZARRALDE
BEAST COAST
'CRAZY FOR YOU'
WICHITA
Hasieran Bethany Cosentino zen Best Coast; horrela ibili zen iaz, single interesgarriak kaleratuz. Eta lehendabiziko album honekin batera, beste bi taldekide gerturatu zaie: Bobb Bruno gitarretan eta Ali Koehler baterian. Pop hutsa eta eguzkitsua garatzen du taldeak, Beach Boys, Everly Brothers, The Breeders eta Liz Phair nahastuz, melodia galantak lo-fi ukitu batez. Kantuek hondartzaren zaporea dakarte eta zenbait kasutan (Boyfriend, Crazy for You, Goodbye, When the Sun Don't Shine...) lelo biribilak lortzen ditu kaliforniarrak. Udazkena uxatzeko disko aproposa. JOSEBA MARTIN
BRANDON FLOWERS
'FLAMINGO'
UNIVERSAL
Brandon Flowers hit-ak sortzeko makina bat da. The Killers taldeak geldialdi bat hartu badu ere, berak ez dio kantuak konposatzeari utzi, eta horregatik aurkezten digu bakarkako lehen diskoa. Ez du ezkutatzen arrakastarako duen grina, eta mainstream-ean aurkitzen ditugun artista duinenetako bat da. Disko honetan entzule mota guztientzako kantuak daude, pop musikaren alderdirik lasaiena erakusten duten doinuak. The Killersekin erakusten duen indarra galtzen badu ere, konposaketa handiek osatutako diskoa da, ahots jokoekin loratutako melodia txukunak erakusten dituena. ARKAITZ VILLAR
MUSIKA
Argitaratu berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu