27 urterekin. Jim Morrisonek, Janis Joplinek, Jimi Hendrixek eta Kurt Cobainek agur esan zuten adin berarekin hil da Amy Winehouse kantari ingelesa. Atzo aurkitu zuten hilda Londres iparraldeko bere etxean. Oraindik ez dute jakinarazi heriotza zerk eragin zion, baina bere ibilbide laburrean etengabeko arazoak izan ditu alkoholarekin eta drogekin, eta behin baino gehiagotan igaro da errehabilitazio zentroetatik.
Sky News telebista kateak aurreratu zuen informazioa, eta berehala Erresuma Batuko Poliziak baieztatu egin zuen berria: 15:54ean —16:54ean Euskal Herrian— pertsona batek osasun zerbitzuei deitu zien Winehouseren etxebizitzatik bertatik, eta bi anbulantzia bidali zituzten hara. Iritsi zirenerako, baina, kantaria hilda zegoen.
Winehousek Europako bira abiatu zuen ekainean, eta bere ingurukoek ziurtatu zuten osasuntsu eta zuzenean aritzeko gogoz zegoela abeslaria, hainbat hilabetetan musikaz haratagoko gertaera eta esanek protagonismo osoa hartu ostean. Hala ere, ekainaren 19an Belgraden (Serbia) eskainitako kontzertuak berriro piztu zituen Winehouseren osasun egoerari buruzko zalantza eta zurrumurruak. Ordubeteko atzerapenarekin hasi zuen emanaldia, kantatzeko apenas gai zela, eta estropezu egin zuen behin baino gehiagotan agertoki gainean. Ikus-entzuleen haserrea mundu osora zabaldu zen berehala, eta, egun gutxira, kantariaren ordezkariek jakinarazi zuten bira bertan behera gelditu zela. Hain zuzen ere, Winehousek Bilboko BBK Live jaialdian abestu behar zuen hilaren 8an, eta antolatzaileek Suede taldea kontratatu behar izan zuten kantari ingelesa ordezkatzeko.
Azkeneko agerraldi publikoa joan den asteazkenean egin zuen Winehousek Camden TownekoThe Roundhouse antzokian (Londres). Dionne Bromfield alababitxiarekin batera igo zen agertoki gainera, eta dantza ere egin zuen ikusleak disko berria erostera animatzen zituen bitartean. Izan ere, kantariak estudioko hirugarren diskoa zuen grabatua, eta datozen hilabeteotan kaleratu behar zuen.
Publikoa eta kritika lagun
Winehousek (Londres, 1983-2011) ibilbide labur, arrakastatsu eta arazoz betea egin du musikaren munduan, eta azken urteetan prentsa sentsazionalistaren eta paparazzi-en jomuga bihurtu bada ere, musika kritikoen eta publikoaren babesa ere izan du hasiera-hasieratik. Aurrena Erresuma Batuan eta, ondoren, mundu osoan arrakasta izugarria lortu du soula, jazza, rhythm & blues eta popa uztartuz. Gainera, zuria izanagatik ere, musika beltzaren izen handien ahotsekin alderatu dute haren boza, Nina Simonerekin eta Billie Holidayrekin kasu.
Winehousek oso txikitatik erakutsi zuen musikarekiko zaletasuna. 10 urte zituenerako hip hop talde bat sortu zuen, Sweet 'n' Sour, eta 13-14rekin gitarra jotzen ikasi eta Camdem Towneko azoka inguruko pubetan lehenengo zuzeneko kontzertuak ematen hasi zen. Pubetako ibilbidea eginda, Winehouseren kantuak Island diskoetxera iritsi ziren, eta berehala lehenengo kontratu profesionala sinatu zuen.
Estreinako diskoa, Frank, 2003ko urrian kaleratu zuten, eta soul musikari lotua egon arren, Winehousek jazz oinarri sendoa zuela erakutsi zuen. Hain zuzen ere, diskoko kantu guztiak Winehousek berak idatziak dira, bi salbu: James Moodyk 1949an idatzitako Moody's Mood For Love jazz pieza instrumentala eta Billie Holidayk berak abestutako (There Is) No Greater Love.
Frank-ek oso harrera kritiko ona izan zuen, eta Erresuma Batuko Mercury eta Brit Awards sarietarako izendatu zuten. Era berean, 2004an Glastonbury jaialdi ezagunean hartu zuen parte, artean jazzari eta musika beltzari eskainitako agertoki apalean. Hurrengo bi urteetan, baina,bere talentuak borroka egin behar izan zuen beste hainbat elementurekin komunikabideen arreta pizteko. Izan ere, hainbat alditan alkoholaren eraginpean azaldu zen telebistan eta zuzeneko emanaldietan, eta tabloideen azaletan agertzen hasi zen, apurka bada ere.
2006ko urrian kaleratu zuen Winehousek Back to Black bigarren diskoa, bere musika mundu osoan ezagutaraziko zuena. Lan horretan bere nortasun zeinu nagusiei eutsi zien, baina 60ko hamarkadako pop musikaren eraginari ere lekua utzita, eta arrakasta izugarria lortu zuen argitaratu eta berehala. AEBetan, esaterako, diskoaren milioi bat kopia saldu ziren hilabete gutxitan, eta Rehab kantua 2007an gehien entzun ziren kantuetako bat izan zen.Horrek guztiak 2008ko Grammy sarietan izan zuen isla: bost sari jaso zituen —artista berria, urteko diskoa, urteko kantua (Rehab), emakumezko interpretazioa eta ahozko pop diskoa—. Hala ere, bera ez zen sariak jasotzeko ekitaldian izan, AEBek bisa ukatu ziotelako «narkotikoak kontsumitzeagatik». Azkenean baimena eman zioten, baina berandu zenez, satelite bidez hartu zuen parte Londrestik.
Ordutik gaur arteko bidea musikarekin zerikusi gutxi duten gertaerek belztu dute. Sarritan igaro da errehabilitazio zentroetatik, Justiziarekin arazoak izan ditu —atxilotu egin zuten pertsona bati eraso egiteagatik— eta komunikabideetan agertu den ia guztietan musikak ez du lerro bat bera ere bete.
Arima galdua
Amy Winehouse abeslari ingelesa hilda aurkitu dute Londresko bere etxean; oraindik ez dute argitu heriotzaren arrazoiaDrogekin izandako arazoek estali egin dute azken urteetan kantariaren musika ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu