I don't know what to say / You don't care anyway (Ez dakit zer esan, baina zuri ez zaizu axola) erakusketa inauguratu zuen herenegun Bilboko Rekalde aretoan Karlos Martinez Bordoy artistak (Durango, 1982). Eskultura bik osatutako taldeak eta burutu gabeko proiektu baten fotokopiak osatzen dute erakusketa. Martxoaren 18a arte izango da ikusgai. Bordoyk hasiera eman dio Barriek programari. Horren bidez, 2009. eta 2010. urteetan Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikorako Beken irabazleek banakako erakusketak egingo dituzte hurrengo hilabeteetan. Rosa Parma, Alberto Arbor eta Alain M. Urrutia artisten lanak ikusteko aukera izango da Kabinete abstraktuak izeneko gelan.
Arkitekturaren eta ideologiaren arteko harremanak landu nahi izan ditu Bordoyk bere lanetan. «Espazioek eta bertoko eraikinek gizabanakoari eragiteko duten ahalmena hainbat ikuspuntutatik landu nahi izan dut», argitu du. «Talde eskultorikoak Bauhaus-en interpretazio bortitza egiten du; materialek gatazka gune bateko hondarren antza dute». Eraikuntzako materialak baliatu ditu: eraikuntzako beira bereziak, xaflak eta egurrak. Bauhaus eskola, Mies Van der Rohe arkitektoa eta 1980ko hamarkadako Manchester hiriko rocka izan ditu inspiraziotzat.
Musikak lotutako bi lan
Musikak lotzen ditu lan biak. Rekalden erakutsitako fotokopietako argazki batean, 80ko hamarkadan lehertutako Berlingo diskoteka baten arrastoak ageri dira. «Horretan ikus daiteke nola aisiarako leku bat latz eta izurako toki bihurtzen den». Amaitu gabeko bigarren proiektua Londresko galeria bateko artxiboan dago, etorkizunean egiteko asmoz.
Arkitektura eta ideologiaren arteko tirabirak ikusgai
Karlos Martinez Bordoyk hasiera eman dio Barriek artista hasiberrien programari, Rekalde aretoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu