Literatura

Arkitektura, lekuko fidagarria?

Azken hiru hamarkadetan arkitektura forentsea gatazka guneak aztertzeko tresna bilakatu da. Eyal Weizman irakasleak bere azken liburuan zalantza agertzen du jarduera horri aitortu zaion erabateko fidagarritasunaz.

Eyal Weizman, The Least of All Possible Evils: Humanitarian Violence from Arendt to Gaza liburuaren egilea. SINADURA / AGENTZIA.
estibalitz ezkerra vegas
2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Arkitektura. Architectura latinez; (arkhitekton) grekoz, (nagusi, buruzagi) eta (sortzaile, zerbait eraikitzen duena) hitzen uztarketaren emaitza. Hiztegiaren arabera, zerbait planifikatu, diseinatu eta eraikitzeko prozesua zein emaitza da arkitektura. Funtzio bat du arkitekturak edo, hobeto esanda, behar jakin batzuei erantzutea du helburu, nahiz eta estetika funtzioa bezain garrantzitsua edo hura baino garrantzitsuagoa izan daitekeen. Izan ere, eraikin forma hartzen duelarik, kultur sinbolo eta artelan moduan ulertu ohi dugu arkitektura. Hortik dator zibilizazio baten historia eta lorpenak haren arkitekturaren arabera neurtzeko joera izatea. Zeren arkitekturak ez du gezurrik esaten. Lekukorik fidagarriena da, fidagarritasuna eskasa den garai hauetan. Eta fidagarritasun horregatik, hain zuzen, gatazka militarren nondik norakoak aztertzeko eta ulertzeko ezinbesteko tresna bilakatu da azken hiru hamarkadetan. Egun, arkitektura ez da zerbait eraikitzen (bizia ematen) trebe direnen esparrua bakarrik; eraikin horien hezurrak aztertzen (heriotza ulertzen) dakiten forentseen lanabes ere bada orain. Gure mendea, dudarik gabe, arkitektura forentsearen mendea da.

Arkitektura forentseak indarkeria kasuren baten «lekuko» izan den arkitektura aztertzen du, teknologiaz baliatuz eta legearen esparru baten barruan, giza eskubiderik urratu den ala ez egiaztatu ahal izateko. Ildo horretan, esan daiteke arkitektura forentseak bitartekari lana egiten duela biktimen eta legearen artean. 1990eko hamarkadan eman zituen arkitektura forentseak lehen pausoak eta, gaur egun, ezinbesteko tresna bihurtu da nazioarteko gatazken eragina ulertzeko orduan. Hain zuzen, epaiketetan biktimen tokia betetzen dute orain auzitegiko arkitektoek. Architect aldizkari ezagunak 2009ko uztailean arkitektura forentseari eskainitako monografiko batean esaten zuen arrakasta izateko arkitekto forentseek diseinatzailearen begia, zientzialariaren burmuina eta detektibearen sena izan behar zutela. Ez da gutxi.

Eyal Weizmanek (Haifa, Israel, 1970) urte batzuk daramatza arkitektura forentsearen nondik norakoak aztertzen. Ahalmen handiko eremua dela uste du berak, baina alderdi ilunak izan badituela gaineratzen du. Weizman Arkitektura Azterketarako Zentroko zuzendaria da Goldsmiths Collegen, Londresen. Bere azken liburuan, The Least of All Possible Evils: Humanitarian Violence from Arendt to Gaza (Ahalik eta kalterik txikiena: Indarkeria humanitarioa, Arendtekin hasi eta Gazaraino, 2011), Israelen eta Palestinaren arteko gatazka adibide moduan hartuta, gogoeta egiten du giza eskubideen diskurtsoari forma emateko orduan gauza materialek gaur egunduten betekizunaz. Weizmanen lanak bi ardatz ditu: kalkulua eta materialtasuna. Kalkulua (hots, proportzionaltasuna, hildakoak,e. a.) behin eta berriro azaltzen da gatazka azterketa orotan. Gizakiei, objektu bizigabeei eta inguruari egindako kaltearen kalkuluak gidatzen ditu nazioarteko legea, giza eskubideen diskurtsoa eta gobernu jarduerak. Weizmanek hiru erakunde horiek adosturiko hogeita hamar zibilen gutxieneko kopurua jartzen du adibide moduan, zeinaren arabera gutxieneko kopuru horretatik aurrera ezin den zehar kalterik justifikatu. Gobernuak hildakoen kopurua ahalik eta txikiena izaten ahalegintzen dira, baina beti dago gutxieneko kopuruaren eremu beltzean (ez gobernuek, ez giza eskubideen diskurtsoak erreklamatzen ez duten eremu beltz horretan) eroriko den norbait. Hogeita bederatzigarren pertsonak eta haren ostekoek legearen babesa jasoko dute, ez ordea haien aurrekoek.

Kalkulua ez da beti alderdi materialetik bereizita azaltzen. Hain zuzen, Weizmanen argudio nagusia da arkitektura forentseak bi jardunak ia bereizezin bihurtu dituela; urteekin giza eskubideen eremuan lekukotasuna, testigantza eta halako kontzeptuak alde batera uzten joan direla, ebidentziaren diskurtsoari uzteko lekua. Gizakiak ez bezala (horiek gezurra esaten dute, gauzak ahaztu egiten zaizkie, esan beharrekoa aldez aurretik pentsa dezakete, kalkulurako gaitasuna dute), gauzak (eraikinak, objektuak, armak) isilak dira, ez-subjektiboak, indarkeriari buruz «egia» esaten dute. Weizmanen arabera, «jarduera forentsearen garaia» ezerk definitzekotan, honexek definitzen du: duela gutxi arte, nazioarteko epaitegietan esperientzia traumatikoen ikur zen biktimaren ahots zehaztugabe eta hauskorraren mugak gainditzeko nahia, hura baztertuta. «Lekuko materialak dimentsio etiko eta kultural askozaz zabalago batetik interpretatzen dira», esaten du Weizmanek. «Hori da, behintzat, auzitegiko arkitektoen ustea. Baina jarduera horretan, objektu misantropoa ez da giza ziurgabetasun, anbiguotasun eta antsietatearen alternatiba iraunkor eta zehatza. Aitzitik, gaur egungo praktika forentsean, interpretazio eta ikerketa jarduerengatik beraiengatik giza testigantzari egotzitako arazoak (subjektibotasunari dagozkion horiek) objektuaren arazo bihurtu dira». Alegia, kontua ez da objektua fidagarria den ala ez, baizik eta hura interpretatzeaz arduratzen den subjektua zenbateraino izan daitekeen objektiboa. Horrelakorik ez da posible.

Weizmanen aburuz, arkitekturak historia ulertzen lagun diezaguke, baina argi izan behar dugu historia hori ez dela inoiz harena izango (objektuarena), geurea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.